Nafarroako Film Dokumentalen Jaialdian film laburrik onenaren saria jaso zuen lana eta epaimahaiaren aipamena eskuratu zuena emango dituzte gaur Zizur Nagusian (Nafarroa): Amanar Tamasheq eta The Darkness of Day.
Lluis Escartin katalanak estreinatu zuen Amanar Tamasheq, 2010. urtean. Amazigeraz eta ingelesez, 15 minutuz, mezu politiko indartsua ematen du filmak, poesiaz beteriko soinu eta irudi batzuen bitartez. Escartin matxino tuaregekin bizi zen, Maliko basamortuan. Haiek dira haren kameraren protagonistak, eta haiek ematen dute mezua, itzulpen eta istorioko istripuak gorabehera.
Tuaregen jantzi tipikoa soinean duen gizon batek laguntza eskatzen du kameraren aurrean. Isiltasunak soinu eta irudiek adina garrantzia du, tuaregen patuaren egoeraren oihartzuna ez baitute jasotzen nazioarteko hedabideek.
Bigarren filma suizidioaren inguruko gogoeta da, Jay Rosenblatt zuzendariak azaldu duenez. Zinemagilearen lagun baten anaiak bere burua hil zuen duela hamar urte. Haren egunkaritik ateratako testua eta aurkituriko 16 milimetroko filma tristezia eta bakartasunaz mintzo dira. Sumendi batera salto egin zuen gaztetxo japoniar baten istorioa kontatzen da, baita hura imitatu zuten milaka suizidena ere.
DOKUMENTAL LABURRAK
Noiz. Gaur, 19:30ean.
Non. Kultur etxean, Zizur Nagusian.
Film laburrik onenak Zizurren
Nafarroako dokumental jaialdian saria jasotako bi lan ikusi ahalko dira, doan eta haurtzaindegi zerbitzuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu