Cantorren infinitua aztertzen ari zela, David Hilbert matematikariak hauxe esan zuen, bertatik eratorritako problemak argitzeari buruz: «Diziplina espezializatu bakar bati egokitu ez eta giza espirituaren duintasunari berari eragiten dio». Hari horri heltzen dio, hain zuzen, Nazioarteko Ontologia Kongresuak. EHUko Filosofia Sailak, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak, Paideia fundazioak eta Txillida Leku museoak antolatu dute, eta lelo hau du: Physis. Zatiki elementaletik giza izaerara.
Punta-puntako zientzialariak zein filosofoak gonbidatu dituzte biltzar horretara: Daniel Dennett, Anton Zeilinger, Simon Kochen… Bai eta Frank Wilczek 2004ko Fisikako Nobel saridunetako bat ere. Physical phylosophy: unexpected intersections (Filosofia fisikoa: ustekabeko elkarguneak) izeneko hitzaldia eman zuen, asteartean, DIPCn.
Gizateriaren txikitasuna izan zuen hizpide, besteak beste. Koperniko, Darwin, Hubble... ikertzaile horiek eta beste askok Lurra eta gizakia unibertsoaren erdigunetik aldendu dituzte. Baina txikitasun horrek duen garrantzia ere azpimarratu zuen Wilzeckek. Frank Ramsey matematikari eta filosofoaren aipu bat baliatu zuen horretarako: «Zeruaren handitasunak ez nau apaletan apalena sentiarazten. Izarrak handiak dira, baina ezin dute pentsatu edo maitatu; eta ezaugarri horiek tamaina baino askoz ere zirraragarriagoak dire niretzat».
Wilczeken arabera, lokalismoaren bidetik doa hausnarketa hori. Tokian-tokian ikertu, mundu oso bat ulertzeko ekarpena egiteko. Mekanika kuantikoaren moduko diziplina handi bat ikertzeko ere, ikuspegi horren alde egin zuen hitzaldian. Eta, hain zuzen ere, entzule baten galderari erantzunez, garbi utzi zuen mekanika kuantikoaren ekuazioak argituta ere horrek ez duela ekarriko munduan dagoen edozer ulertzea, hura ulertzeko bidean erremintak izatea baizik.
Wilczekek Ontologia Kongresuaren amaiera ekitaldian parte hartuko du, Daniel Dennettekin batera. Larunbatean izango da, 16:30ean, Txillida Lekun.
Ezarian. Zientzia
Fisikako Nobel saridun bat, filosofiaz ere bai
Frank Wilczek filosofia fisikoaz aritu zen asteartean; larunbatean, jardunaldiak amaitzeko ekitaldian ere izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu