Folkaren zubi luzea

BidasoaFolk jaialdia izango da Irunen, Hondarribian eta Hendaian ostiraletik igandera arte

xabier martin
Donostia
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Txingudiko badiaren gaineko zubi luze batek lotuko ditu asteburu honetan Irun, Hondarribia eta Hendaia, betiere folkaren aitzakian. BidasoaFolk ostiralean abiatuko da, baina aurretik, ostegunerako, atariko ekitaldi bat antolatu dute: Javier Paxariño jazz musikari ohiaren emanaldia. Irlanda, Mexiko, Katalunia, Espainia eta Frantziako hainbat musikariren kontzertu zerrenda luzearen lehena izango da, eta Hondarribiko Banako aretoan emango dute hori. BidasoaFolk jaialdiaren hamabigarren aldia Javier Ruibalek eta Iñaki Salvadorrek zabalduko dute ostiralean. Las Migas taldeak hartuko die lekukoa gau horretan.

Hondarribitik Hendaiara egingo du folkak zubian aurrera. Larunbatean, Calan eta Boulebard des Airs ariko dira. Lehenengo taldeak Galesko musika tradizionalaren doinuak landuko ditu; bost musikari gazteren ekarpena izango da. Bigarrena Atharratzeko Marie Curie ikastetxean sortutako banda bat da. Brassens eta Brel moduko konpositoreetan du oinarria taldeak; alta, Bob Marley, Red Hot Chili Peppers eta Rage Againts the Machine taldeen eragina ere nabarmena da kantuetan.

Paco Ibañez eta Mono Blanco

Irunen bukatuko da jaialdia, igandean, Urdanibia plazan. Paco Ibañez ezaguna eta Mono Blanco ariko dira. Mexikoko Veracruz estatuko musikaren aro berritzailearen ordezkari da Mono Blanco. Paco Ibañezek, berriz, jarraitzaileak ditu nonahi, Euskal Herrian fidelak oso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.