Vicente Gutierrez Solis. Meatzari ohia

«Frankismoaren aurka borrokatu ginen 1962an; orain, merkatuen kontra»

1962an, meatzariek aurre egin zioten frankismoari. Greba haren 50. urteurrenaren harira, Ahaztuak 1936-1977 erakundeak borroka hura gogorarazi nahi du: omenaldi bat eta zenbait hitzaldi egingo dituzte gaur.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Vicente Gutierrez Solisek (La Casona, Asturias, Espainia, 1933) kartzela, tortura eta erbestea pairatu zituen, 1962ko grebako buruzagietako bat izateagatik. Orduko eta gaurko egoeraren berri ematera dator Euskal Herrira. Gaur, 19:00etan, omenaldi bat egingo dute Martxoaren 3ko monolitoan, Gasteizen, eta 20:00etan hitzaldi bat emango du, Memoria Gunean.

Zein lotura ikusten duzu 1962ko grebaren eta gaur egungo greben artean?

Egoera erabat ezberdina den arren, gaur Asturiasko meatzaritzan gertatzen ari denak lotura estua du garai harekin. Izan ere, 1962ko lehendabiziko greba deialdian, meatzariek bi hilabete eta bederatzi eguneko itxialdia egin zuten, eta gaur egun ere hala dabiltza hainbat lantokitan. Erabateko erantzuna izan duen greba orokor bat egin dugu: denda eta saltoki guztiak itxi ditugu. Hori gutxi balitz bezala, Nalonen arroan [Asturiasko meatzaritza gunean] eginiko manifestazioan 50.000 pertsona elkartu ginen. Frankismoaren aurka borrokatu ginen 1962an; orain, merkatuen kontra: Europako Banku Zentralaren, Angela Merkelen eta gainerako aseezin guztien aurka borrokatzen gara, gai baitira herrialde oso bat hondoratzeko bankuarekin negozioak egiteagatik. Gobernuak langileen aurkako errepresioa bultzatzen du, eta horri ere erantzun egin behar zaio.

Salbuespen egoera ezarri zuten Asturiasen, Bizkaian eta Gipuzkoan; nola bizi izan zenuen egoera hura?

62an, salbuespen egoera izan genuen Asturiasen, eta Euskal Herriak agertu zien elkartasuna lehenik Asturiasko meatzariei. Hori dela eta, frankismoak Euskal Herrira ere zabaldu zuen salbuespen egoera. Dena den, errepresioa gogorragoa izan zen Asturiasen, meatzaritzaz gain, metalurgia eta ontziolak ere greban zeudelako.

1962an, intelektualen babesa jaso zuen grebak; gaur egungoek ere laguntzen al dute?

Egia da sumatzen dugula garai hartan izan genuen babesaren falta, unibertsitateko zein kultura arloko jendeak erabateko sostengua eman baitzigun. Hala ere, Asturiasen behintzat, intelektualek plataforma bat sortu dute meatzariei babesa emateko; ez da ordukoa bezain zabala, soilik eskualdekoa baita. Pozgarria litzateke mugimendu hori beste leku batzuetara zabaldu eta gero eta handiagoa izatea. Izan ere, gatazka honek luze iraungo duela dirudi, ez baitago erantzunik gobernuaren aldetik. Horregatik, garai honetan, laguntza oro eskertzen dugu, emaitza handiak lor baititzakegu Asturiasko kideekin elkartuta.

1962an lortutako aurrerapenei dagokienez, Raxoiren gobernuak proposatutako lan erreforma atzera egitea dela uste al duzu?

Sekulako garrantzia eman diote lan erreformari, eta sinetsarazi digute Europako Batasuneko arazo guztiak konponduko zituela; baina ez ditu konpondu arazoak: langabezia handiagoa, pertsonen arteko desoreka handiagoa eta ongizate sozial txikiagoa ekarri ditu. Hori da bankari handiek egiten duten politika; ez dute inongo interesik herritarren arazoak konpontzeko. Meatzaritzaeremuak nola dauden jakin arren, arazoari entzungor egiten diote; esaterako, Jose Manuel Soria Lopez Industria ministroa, gatazkari konpontzeko erantzukizuna duena, Marokon dago oraintxe. Ezin dut konfiantzarik izan haiengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.