Komunikazioa. Florence Sturm. France Culture irratiko kazetaria

«Frantziako komunikabideek ez dute interesik euskal gatazkan»

Egunotan Euskal Herrian da Sturm, euskal gatazkaren inguruko erreportaje bat egiten. Hilaren 20an emango dute saioa.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Andoain
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herria ondo ezagutzen du Florence Sturmek (Paris, 1961): France Bleu Pays Basque irratian hainbat urtez aritu baitzen lanean, Baionan. Euskal Herriko egoera politikoa zertan den kontatzeko egunotan hainbat elkarrizketa egiten ari da, eta herenegun Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria elkarrizketatu zuen Andoainen. Euskal gatazkaren inguruko erreportaje berezia eta platoko solasaldia hilaren 20an entzun ahalko dira France Cultureko Reportage de la rédaction saioan, 18:15etik 19:00etara.

Zergatik erabaki duzue euskal gatazkaren inguruko erreportaje bat egitea eta nolako lana izango da?

ETAk armak uzten zituela esan eta hiru hilabetera jakin nahi dugu egun zertan den Euskal Herriko egoera politikoa. Frantzian jende askok pentsatzen du ETAren iragarpenaren ostean gatazka bukatu dela. Baina ni hainbat urtez izan nintzen Euskal Herrian lanean, eta badakit ez dela horrela. Erreportaje honetarako iritzi ezberdinak dituzten pertsonak elkarrizketatu nahi izan ditugu egoera aztertzeko.

Zeintzuk izango dira erreportajeko elkarrizketatuak?

Rafael Larretxea elkarrizketatu dugu, Hernanin, preso baten senidea. Baionan, Jean Pierre Massias irakaslearekin izan gara. Batasuneko Aurore Martinekin hitz egin dugu. PSFko Federique Espagnac senataria elkarrizketatu dugu, Aieteko konferentzian parte hartu zuena. Halaber, Gorka Landaburu kazetari eta ETAren atentatu bateko biktima, Irungo PPko zinegotzi Juana Bengoetxea, Ruben Mujika (haren aita ETAk hil zuen) eta Jon Iñarritu Amaiurreko diputatua elkarrizketatu ditugu. ETAren sortzaileetakoa izan zen Julen Madariagarekin ere hitz egin dugu. Saiatu gara ulertzen Aieteko konferentzia nola joan zen, eta aurrera begira zer etor daitekeen. Beste herri batzuetako gatazkekin ere konparatu nahi izan dugu.

Frantziako komunikabideak ba al dute interesik Euskal Herrian gertatzen ari denarekin?

Ez, ez dute interesik. Frantziako komunikabideek pentsatzen dute gai espainiar bat dela. Bere garaian, GALen hilketak izan zirenean, kazetari batzuk etorri ziren Paristik, baina, geroztik, ez dute interesik azaldu. ETAk armak uzten zituela esan zuen egunean Gadafiren hilketa gertatu zen, eta Frantzia oso inplikatua zegoenez Libiako gerran, horrek ETAren berria jan zuen.

Zeintzuk dira France Culture irrati publikoaren ezaugarriak?

France Culturek %1,8ko audientzia du, baina Frantzia osoan ez dago beste irratirik podcast gehiago entzuten denik. Irratiaren saioak nahieran entzuteko zerbitzua oso garrantzitsua da, gaikako emankizun asko daudelako. Hartara, entzuleek euren intereseko saioak aurki ditzakete. Goizetan, berri motzak eman beharrean, elkarrizketa luzeaksartzen saiatzen gara. Gainera, platoan adituak eta irakasleak izaten ditugu analisiak egiten.

Gure inguruan komunikabide publiko batzuek betoa ezarri diete ideologia jakin batzuetako ordezkariei. Zer jokabide izan behar dute komunikabide publikoek, zure iritziz?

Hedabideek gizartearen pluraltasuna erakutsi behar dute, eta subjektu guztien iritzia azaldu. Gero entzuleak osatuko du bere iritzi propioa. Argi daukat kazetaritzan objektibotasuna ez dela existitzen. Baina kazetariak iritzi eta osagai guztiak eman behar dizkio hartzaileari.

Nola gogoratzen dituzu Baionan kazetari lanetan egin zenituen urteak?

Oso esperientzia ona izan zen niretzat. Euskal Herria eta euskal kultura ezagutzeko aukera izan nuen. Eta, gainera, bertako errealitatea gertutik ikusi nuen, tokiko pertsonekin hitz eginez. Parisen hedabide handietan ari diren kazetariek agentzietatik edaten dute etengabe. Baionan, aldiz, eragileekin harreman zuzenagoa izan nuen, eta kazetari formakuntzarako oso interesgarria izan zen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.