Munduko gastronomia onenetako bat da Frantziakoa, eta, horregatik, eragin handia du beste hainbat herrialdetako sukaldaritzetan ere. San Sebastian Gastronomika gastronomia biltzarrak omenaldia egingo dio aurten Frantziako sukaldaritzari: Francia. La Grande Cuisine izenburupean. Ohi bezala, izen handiko sukaldariak, hitzaldiak, lehiaketak eta dastatzeak izango dira.
Aurten, gainera, ohi baino lehenago egingo da biltzarra, azarotik urrira aurreratu baitute. Urriaren 7tik 10era bitartean, Frantziako sukaldari garrantzitsu ugari bilduko dira Donostian, euren herrialdeko gastronomiaren sekretu guztiak ezagutarazteko.
Atzo aurkeztu zuten 2012ko San Sebastian Gastronomika biltzarra, Donostiako Miramar jauregian.
Zabala da Frantziako gastronomia, eta zabaltasun hori erakusten saiatuko dira egun horietan; horretarako, hainbat arlotako sukaldariak gonbidatuko dituzte. Nouvelle Cuisine-aren ordezkari Alain Senderens eta Jacques Maximin; gaur egun mito handiak diren Pierre Gagnaire eta Michel Bras; saga handietako kide Michel Troisgros eta Anne-Sophie Pic; bistrot sukaldaritzaren ordezkari Iñaki Aizpitarte eta Yves Camdeborde; Alpeetako sukaldaritzako izar Emmanuel Renault; baita hainbat sukaldari gazte ere: Pascal Barbot, David Toutain eta Mauro Colagreco... Gozogintzako ordezkariak ere present izango direla ziurtatu dute biltzarraren antolatzaileek.
Munduko sukaldaritzaren hiriburu bihurtuko da Donostia urrian, Frantziako sukaldariekin batera, munduko beste hainbat izar gonbidatuko baitituzte hirira.
Ohi bezala, hainbat atal izango ditu biltzarrak, eta horien artean, dastatzeak, lehiaketak eta tailerrak izango dira nagusi.
Tailerrei dagokienez, berrikuntza bat egingo dute aurten: munduko sukaldari ezagun batekin sukaldatzeko aukera eskainiko dute, bost laguneko taldean.
Sukaldari handiak parte hartzaileengandik gertu izatea nahi dute antolatzaileek, eta horregatik, Sukalde pribatuak eta Tertulia txikiak atalak mantenduko dituzte.
Bi sukaldarien arteko elkarrizketak ere berrikuntza izango dira: bi sukaldari taula gainera igoko dira, eta elkarri galderak egiteko aukera izango dute.
Sukaldari gazteei ere tokia egin nahi die biltzarrak, eta horregatik hainbat gazte gonbidatu dituzte: Iñigo Lavado, Josean Martinez Alija eta beste.
Munduko sukaldaritza, eta batez ere, Frantziakoa ezagutzeko aukera emango du aurten San Sebastian Gastronomika biltzarrak.
Frantziako sukaldaritza omenduko du SS Gastronomikak
Punta-puntako zenbait sukaldari gonbidatuko dituzte Donostiara, Frantziako sukaldaritzaren hainbat alor lantzekoOhi baino lehenago egingo da aurten biltzarra: urriaren zazpitik hamarrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu