Eguberriak ate-joka direla iragartzeko beharrik ez da izaten. Askorentzat, egun bereziak dira, noiz helduko irrikatzen egoten dira. Gabonzaleak ez direnei ere, kaleetako argiek eta denda eta saltokietako apaingarriek aurreratu diete Eguberriak gainean direla.Urtero legez, Gabon jaiak gerturatu ahala, azoka bereziak antolatzen dituzte Euskal Herriko hiri eta herri askotan, eta horiek ere badira jaien iragarle. Baionan azaroaren 26an ireki zituzten Eguberrietako herrixkak izeneko azokak. Iruñean eta Bilbon izotz-pistak prestatu eta ireki dituzte dagoeneko, eta Donostian eta Gasteizen egunotan ari dira eskulangileen azokak atontzen.
Urtero legez, Baionan izan ziren goiztiarrenak. Azaroaren 26an ireki zuten azoken gunea, eta eremu bat baino gehiago hartzen dute merkatuek. Hiriaren erdialdean daude Eguberriko Merkatua osatzen duten 80 etxolak, Liberte plazan, Mayou zubian eta Reduit plazan, eta etxola horietako bakoitzean oparitarako ideia sorta zabala dute. Merkatua haurrentzat bereziki prestatu duten Bizar Xuri karruselak eta patinatzeko lerraketak osatzen dute, eta baita Baionatik irten gabe bidaiatu nahi dutenentzako herrixka europarrak ere. Bulgaria, Hungaria, Portugal, Espainia eta Errusiako gastronomia eta musika ezagutzeko modua eman nahi du herrixkak. Azokak hilaren 26a bitartean irekiko dituzte, goizez eta arratsaldez.
Artisauak Donostian eta Gasteizen
Iruñean azaroko azken asteburuan ireki zuten izotz pista, Autobus Geltoki Zaharrean, eta urtarrilaren 9a bitartean izango bertan irristatzeko modua. Bilbon, berriz, Euskalduna zubiaren azpiko aldean jarri dute 800 metro koadroko pista. Antolatzaileek 15.000 pertsonaren muga gainditu nahi dute, eta iazko prezioei eutsi diete: 2,5 eurotik 4,5 euro bitarte ordaindu beharko da. Berrikuntza gisa, hirurehun lagunentzako harmaila jarri dute pistaren aldamenean. Bi hirietan irristatze ikastaroak hartzeko modua izango da.
Donostian kaleko izotz pistarik ez da behar irristaketarako. Txuri-Urdin jauregian dute horretarako aukera zaleek. Donostian Koldo Mitxelena kulturunearen aldamenean jarritako karpak hartuko du aurten ere Lur Kolektiboak antolatutako artisauen azoka. Horixe izaten da Eguberrietako erreferentzia nagusietako bat hirian. Karpa egokitzen ari dira dagoeneko, eta ostiralean irekiko dute jendearentzat. Guztira, 32 eskulangilek jarriko dute erakusmahaia, eta haiek lanean ikusteko eta lantzen dituztenak erosteko modua izango da urtarrilaren 5a bitartean. Azoka 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era irekiko dute, astelehenetik igandera.
Gasteizen ere ostiralean irekiko dute Artisau elkartearen Lan ta Lan azoka, Probintzia plazan. Berrogei erakusketaritik gora izango dira bertan, eta urtarrilaren 6a bitartean egongo da zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Ostegunean irekiko dute, berriz, Gabonetako merkatu berezia, Jesus Guridi plazan. Hori 22:00etan itxiko dute egunero. Bilbon eta Iruñean bezala, Gasteizen ere jarriko dute izotz pista, Andre Mari Zuriaren plazan. Larunbatean irekiko dute, eta 10:00etatik 22:00etara izango da bertan irristatzeko modua.
Gabon jaien iragarleak
Baionan, ireki dituzte Eguberrietako herrixka bereziak; Bilbon eta Iruñean, prest daude izotz pistak, eta Donostian eta Gasteizen, egunotan irekiko dituzte Gabonetako azokak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu