Osasuna. Adimen emozionala

Gabonak: zein emozio datorkizu...?

2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Gabonetan zein emozio datorkizu gogora, bihotzera? Lagun talde bati egiozu galdera hori, eta erantzun askotarikoak topatuko dituzu, adina edo pentsamoldeaz gain, Gabonen inguruan norberak bere film partikularra egiten baitu. Duela egun gutxi, garapen pertsonaleko talde batekin bildurik, galdera bera egin, eta honako erantzun hauek agertu ziren:

Poza, ilusioa: Batez ere, guraso zirenek aipatu zuten, edo etxe giroan, tartean umeak zituztenek. Haurren ilusioagatik, helduon alderdi goibelak alde batera uzteko adina magia agertzen da nonbait. Gabonetako izpiritua delako hori, Olentzeroren patxada eta aldarte onak kutsaturik edo. Merezi ote? Bai horixe!

Estresa: Beste baten batek estresa erantzun zuen, eta, ahopean, arrazoia ematen zioten beste batzuek. Erosketak, dendetako ilarak, marka jakin bateko erlojuaren uhalak kolorearekin asmatuko al du? Porruz eta krabrarrokaz egindako budina gustatuko al zaie amaginarrebari eta koinatari? Estresa! Gozatzeko eta ospatzeko ere estresa, zer ospatzen dugun hain garbi ez badago ere askotan. Merezi ote? Umm!

Haserrea: Haserrea aipatu zuen ausart batek; hori balorea! Denok elkarri begiratu, eta, ahopetik, edo ez hainbeste, askok arrazoia eman zioten. Okerrena, Gabonetako haserre horiek zaharkituak daudela askotan. Horrela, urte osoan, eta urteetan ere, barnea herdoilduz doazen horietako haserreak izan ohi direla. Merezi ote? Uff!

Tristura: Batek tristura aipatu zuen, ahots ahul bezain leun batez. Horrelakoetan, geure artean ez daudenen hutsuneaz gehiago gogoratzen gara. Ulertzekoa, euren omenezko oroitzapena, noski. Horrekin batera, bizitzari aurre egiteko beharrezkoa dugunaz galdetzea ere ondo legoke. Lagungarri al da niretzat jarrera hau? Merezi ote? Adi!

Emozio horiek guztiak, merezi al dute? Galdetu, sentitu, pentsatu eta abian jarri!!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.