Osasuna. Elikadura

Gabonetako gehiegikeriak

Elikaduran eragin handia dute Eguberrietako ospakizunek. Otordu bereziak baztertu ez, baina desorekak zaindu behar dira egunotan.

Gozoekin neurritik ateratzea erraza da Eguberrietako otorduetan. BERRIA.
Cristina Perez.
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Gabonetan gehiegikeriarik gabe jatea posiblea da; ez dago zertan baztertu gustuko turroiak, txokolateak edo mazapanak. Hori bai, dietaren oreka ez galtzeko, neurrian hartu behar produktu horiek, hau da, denetik jan daiteke, baina betiere gehiegikeriarik gabe.

Gainera, dieta berezia egiteak, nahiz eta pixka bat desorekatua izan, egun hauetan, onurak ekar ditzake osasun emozionalari dagokionez. Hala eta guztiz ere, Eguberrietako bazkari edota afari batean egun normal batean hartzen ditugun baino 500-700 kcal gehiago hartzen baditugu,komeni da gehiegikeriak konpentsatzeko neurriak hartzea.

Elikaduran desorekak saihestea edo murriztea eta aldi berean festak bazkari eta afari berezien bidez ospatzea posible da, hurrengo arauei jarraituz gero: menu osasuntsuak pentsatu ahal dira, eta, aldi berean, gastronomia aldetik aberatsak eta onak izan daitezke; irudimena erabiliz, edozein elikagairekin egin daitezke plater landuak, barazki, fruta eta gantz gabeko arrain eta haragiekin ere bai. Janari aniztasun handia dago, eta imajinazioa erabiliz gero, oso plater jangarriak egin daitezke, bai lehenengo plater gisa, bai hornigairako, baita saltsetan edo zizka-mizka moduan ere.

Kopuruekin ere adi egon behar da mahaikidea. Alde batetik, anoa handiak jarriz gero, janaria sobera egotea oso normala da. Beraz, egun berezia ospatzeko zen janaria, hurrengo egunetan jan beharreko gainezko jakia bihurtzen da, eta kasu hauetan pikoteoa salbuestea zailagoa da. Bestetik, anoetan neurritsu izatea osasuntsuagoa da. Gainera bete-bete eginda geratzea ez da sentsazio atsegina, eta mahaikide gehienek eskertuko dute anoa ertainak edo txikiak jartzea.

Postreei dagokienez, etxean egindakoak hautatzea da egokiena, nahiz eta prestatzeko lan handiagoa izan. Askoz osasuntsuagoak dira, eta fruta on batekin lagunduz gero, hobe. Modu horretan gozoekin ez da gehiegikeriarik egingo, eta oso ikusgarri geldi daiteke etxeko gozoen eta fruta on baten nahasketa.

Alkoholarekin ere kontuz ibili behar da. Ez da arraroa bazkari eta afari hauetan gehiegi edatea, eta horrek arazo asko ekar ditzake. Beraz, hobe da ardo on batetik basokada bat edo bi edatea, asko edatea baino; kontuan izan behar da alkohol edariek kaloria huts asko dituztela. Hau da, ez dute elikagairik, kaloriak bakarrik. Gainera, hainbat gaixotasunentzat oso desegokia da alkohola edatea.

Jai eguneko janaria eginez gero, hurrengo eguneko menuek normalak eta orekatuak izan beharko lukete. Gosaltzea garrantzitsua da. Ez gosaltzea huts arrunta da garai hauetan, eta ez da batere komenigarria, nahiz eta aurreko egunean afari edo bazkari oparoagoa egin. Gosaria, egun osoan energiaren banaketa apropos bat lortzeko balio du, baita gosea erregulatzeko eta bazkalorduan antsietaterik gabe egoteko ere. Hori bai, gosariak arinago izan beharko luke, eta aprobetxatu behar da zuntza, bitaminak eta mineralak hartzeko, frutaren bitartez.

Beste otorduak ere garrantzitsuak dira, eta egin behar dira. Batzuetan, egiten diren gehiegikeriak orekatzeko ez dira otordu guztiak egiten, eta hori huts larria da. Egia da eguerdian bazkari oparoa egin bada gaueko afariak arina izan behar duela, baina ez da baztertu behar, otordu hori aukera ona izan baitaiteke janari arinak eta elikagarriak barneratzeko; esaterako, entsalada, pureak, jogurtak eta fru-tak.

Egunean ariketa fisikoa egiteak ere kilokaloriak gastatzen laguntzen du. Hori ezinbestekoa da jateko garaian egin ditugun gehiegikeriak konpentsatzeko. Gainera, digestio aparatuari lagunduko dio. Ibiltzea da ariketa aproposa egun hauetan egiteko.

Bestalde, ez dira baztertu behar normalean ditugun ohitura onak, eta Gabonetan ere, ahaztu behar dira otorduetatik kanpoko zizka-mizkak.

Arau hauei jarraituz gero, era osasuntsuan ospa daitezke Eguberriak, baita elikagai bereziekin gozatu ere. Garrantzitsua da jakitea elikadura osasuntsua elikadura jangarri eta zaporetsuarekin bat etor daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.