Ia bost urte igaro dira Bermeoko Beti Aita Guria balea arrantzaren interpretazio zentroa abian jarri zenetik, eta orduz geroztik zeresan ugari sortu du itsasontziak udaleko bi alderdien artean. XVI. mendeko baleontzi baten erreplika egin zuen 2006an Bermeoko ontziolak, eta urte horretako irailean jarri zen martxan interpretazio zentroa. Lehen urteurrenarekin batera baleontziaren itxura kaskartu egin zen, eta, 2009an udalak egindako informe tekniko baten arabera, «egoera eskasean» zegoen eraiki eta hiru urtera. 2010. urte hasierako ekaitzaldietan mastak galdu zituen itsasontziak, eta, ondorioz, zeukan itxura eskasa gehiago kaltetu zen. Baleontzia konpondu behar dela eta, erantzukizuna norena den erabaki behar da, eta hortxe hasi dira udal gobernuaren eta oposizioaren arteko liskar eta tirabirak.
Udalak kontratatuta, aholkulari juridikoek txosten administratibo bat landu zuten, eta, haren arabera, Bermeoko ontziola zen baleontziaren oraingo egoera kaskarraren erantzule zuzena. Txostenaren arabera, itsasontzia egiteko garaian erabili zen materiala ez zen egokia, eta, ondorioz, interpretazio zentroa konpontzeko ardura ontziolaren gain jarri zuen. Bermeoko Udalak osoko bilkuran onartu zuen azterketa, EAJren aldeko botoekin. EAk aurka bozkatu zuen.
Oposizioak adierazi duenez, «egindako ebazpen horretatik ezin da ondorioztatu Bermeoko ontziola denik baleontziaren oraingo egoeraren erruduna», eta zehaztu du ontzia egiteko erabili zen materiala «normala eta egokia» zela, «ontzioletan erabili ohi den berbera». EAk jakinarazitakoaren arabera, bestalde, espedientean agertzen diren aditu guztien ustez, baleontziaren kalteak ez zaintzearen edo mantentze lan desegokiaren ondorio dira. Horregatik, ez dute errudun bakarra ikusten, «mantentze lanen ardura biren eskuetan egon baita interpretazio zentroa zabalik egon den bost urte hauetan; sasoi batean, Bermeoko ontziolaren esku, eta ondoren, udalaren esku». Hori dela eta, mantentze lanak behar bezala ez betetzearen erantzulea zein den zehaztu behar dela adierazi du EAk.
Berehala erantzun dio udal gobernuak oposizioari. Ohar batean esan du ez duela onartuko «egoki erregistraturik dauden lanak eta langileen beharrak» zalantzan jartzea. «Beti Aita Guria baleontzia ez dela zaindu baieztatuta, argi geratu da EAk ez diola lan erregistroari begiratu ere egin». Horretaz gain, Bermeoko ontziolak mantentze lanen ardura zuen garaian «enpresak ez zuen sekula betebehar eta lan horien egiaztapenik egin, eta, beraz, eginiko lan bakarrak pasabidea jarri eta kentzea eta ontziaren lurzorua garbitzea baino ez direla izan ondorioz- ta dezakegu», azaldu du udal gobernuak.
Erantzulea nor den zehazteko eztabaida aurrera doan bitartean, balea arrantzaren interpretazio zentroak zabalik jarraitzen du. Eta, ontziak ematen duen kanpoko itxura kaskarra baldin bada ere, bisitariek XVI. mendean baleak nola arrantzatzen ziren jakin nahi dute oraindik ere.
Gaixorik kai barrenean
Bermeoko 'Beti Aita Guria' balea arrantzaren interpretazio zentroa egoera kaskarrean dago. Konpontzeko ardura norena den eztabaidatzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu