Momentu dibertigarria eskaini zieten Alproja taldekoek Zarauzko herritarrei Munoa plazan Berriz Bederatzi antzezlanarekin.
Ikuskizuna eman aurretik, ordea, ordu erdiko kalejira egin zuten herriko kaleetan zehar, txokoz txoko umorea zabalduz. Antzerki taldea osatzen duten lagunek, bakoitzak bere pertsonaiaren janzkera eta itxura hartuz, giro paregabea jarri zuten herrian zehar dultzainero eta txistularien laguntzaz. Koreografia sinplea, edonork dantzatzeko modukoa eskaini zuten bederatzi galtzagorriek gainontzeko pertsonaiekin; haien artean, Julian Iantzi, Jose Luis Korta, Mubarak, Gaddafi, Berlusconi eta beste hainbat pertsonaia ezagun zeuden.
Ohitura bihurtu da Alproja taldearen antzerkia euskal jaietan, eta 11:30erako Munoa plaza jendez gainezka zegoen. Agertoki aurrean jarritako aulkietan lekua aurkitzeko, nahikoa lan zuten batzuek, denek baitzuten zaindaria. Eguzkiak gogor jotzen zuen, gogorregi agian; agertokiaren ezkerraldean bildu zen jende asko, etxeak egiten zuen itzala aprobetxatzeko.
Hamabietarako minutu gutxi falta zirela, dultzainero eta txistularien doinuak entzun ziren gerturatzen, eta eserita zegoen jendea altxarazi zuten. Handik gutxira azaldu ziren, dultzainero eta txistulariak buru zirelarik, antzezlanean parte hartzekoak ziren aktoreak, dantza batean. Antzeztokira igo eta jendea eseritakoan hasi zen ikuskizuna.
Bederatzi galtzagorri izan ziren antzezlaneko protagonistak, eta haiek elkartzea istorioaren muina. Iazko antzezlanarekin lotura zuen Berriz bederatzi lanak. Iaz, galtzagorrien esporak mundu osoan barreiatu ostean, aurten, bederatzi galtzagorri kume jaio ziren Lurreko hainbat txokotan. Guztiek Mariren deia jaso zuten Munoa plazan elkartzeko, eta hara iristeko, nork bere bidea hartu zuen. Batzuk Motxo itsasontzian ehiztari batengandik ihesi ibili ziren; beste batzuk, Berlusconi, Mubarak eta Gaddafirekin tirabiran... Azkenean, Mariren deiari so eginez, lortu zuten elkartzea, baita azken galtzagorriaren jaiotza ikustea ere.
Gaur-gaurko gaietan oinarritutako umorezko antzezlanak gustura utzi zituen ikusleak, eta txalo zaparrada on batez eskertu zioten Alproja taldeari egindako lana.
Galtzagorrien mundura, Alproja taldearen eskutik
Mitologia eta gaur-gaurko gaiak nahastu dituzte 'Berriz bederatzi' antzezlanean, umorez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu