Garai berrietara egokituz

Salerosketarako garairik onenak izan ez arren, jende andana bildu da Aguraingo abere azokan; eguraldiak lagunduta, giro apartan ospatu dute Arrosario jaietako egun handia.

Abereak izaten dira batez ere Aguraingo azokan. Baina, jana, eskulanak eta bestelakoak ere izaten dira. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Agurain
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Urtero legez, eta 617. aldia da jada, Agurainen gogoz egoten dira urriko lehenbiziko asteartea noiz iritsiko. Orduan ospatzen baita abere azoka; hain zuzen ere, Henrike III.a erregeak azoka pribilegioa eman zioenetik. Azken urteetan jakiek, eskulanek eta nekazaritza makinek ere badute lekua sektoreko langileentzat erreferenteetako bat den azoka horretan.

Eguraldia lagun, asko animatu dira goizean goizetik kalera irtetera; erakusmahaietan azken ukituak ematen ari direla hasi dira lehenbiziko dastatze eta salerosketak. Euskal Herriko zein kanpoko txokoetatik datoz bisitari zein saltzaileak; abeltzainak Abadiño eta Urduñatik (Bizkaia), pastelgileak Orozkotik (Bizkaia) eta talogileak Segura (Gipuzkoa) eta Lapurditik, besteak beste. Horietako batzuk urtero etortzen dira Agurainera; hala ere, aurten badago bere ekoizpena lehenbizikoz aurkeztu duenik ere. Hain zuzen, Ortzaizetik (Nafarroa Beherea) etorri da Xantxo Ernaga. Gibel-orea saltzen du, eta berbati ekin dio azoka egunari. «Argi dago saltzea dela hona etortzeko arrazoietako bat; hala ere, produktua ezagutzera emateko eta harremanak sendotzeko gatoz batik bat». Saltzaile-erosle harreman hori nabarmendu du nekazaritzarako makina saltzaileak ere. «Egiari zor, honelako egunetan ez dugu ia ezer saltzen, baina oso garrantzitsuak dira ezagutzera emateko».

Brontzezko erakusmahaia

Goizak aurrera egin ahala, gero eta zailagoa da kale nagusian zehar aurrera egitea; erakustokietan diren lagunez gainera, kontuan hartu behar baitira taberna kanpoaldean zintzurra freskatzen ari direnak. Behin zaldien erakustaldia amaituta, hamaiketakoari ekin dio jendeak. Andra Mari plazan jendetza batu da sari banaketa ikusteko; bada, hala ere, bereizten den postu bat, Maider Unda aramaioarraren argazkia duena, hain zuzen. Bertan da hura, amari laguntzen; gazta pintxoak prestatzen ari da jo eta su. «Honelako egunetan pintxoak saltzen dira gehienbat, baina oso garrantzitsuak dira gure lana ezagutzera emateko». Olinpiar Jokoetan irabazteak bisitari kopuruan eragina izan duen galdetu diogu, eta baietz uste duela erantzun du Undak, irribarretsu. Bitartean, Iñaki Viñaspre eta Iker Zubeldia bertsolariak aritu dira, sari banaketa hasi bitartean plaza girotzen.

Eguerdi aldera, abereak ukuilura itzuliko dituen kamioiak gora eta behera hasi dira lanean; erakusleak ere hasi dira beren erakusmahaiak batzen, hasieran baino mahai gutxiagorekin hainbat. Agurainen azoka bukatu den arren, festa ez, ordea. Arratsaldean pilota partidak jokatu dira, tartean Olaizola II.a-Apraiz eta Berasaluze VIII.a-Begino bikoteena. Asteburuan ere izango da parrandarako aukera Agurainen.

Horrelakoetan jendetza batu ohi dela jakitun, gizarte eragileek beren aldarrikapenak plazaratu dituzte azoka egunean, besteak beste, haustura hidraulikoaren aurkako plataformakoek. Bestalde, urriaren 21eko hauteskundeetan aurkeztuko diren hainbat lehendakarigaik ere Agurain aukeratu dute beren ekitaldietarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.