Maratila

Garai latzak

Ane Muñoz.
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Ez naiz deus berria esaten ari ez direla betiko garai onenak diodanean. Eta are okerragoak izango dira, ziurrenik, kultur arloan lan egiten dugunontzat. Krisia denean, jakina, kultura izan ohi da murrizketa edo etenaldiak jasaten dituen lehenetarikoa. Zinemarena mundu garestia da, oso garestia, eta gainean daukagunarekin, film berri bat ekoiztea kapritxo bat ez ote den bururatzen zait sarritan. Eta, ez pentsa, izugarrizko atsekabea eragiten dit gauzak hala ikusi eta sentitzeak, baina batzutan… ezin pentsamenduok burutik kendu.

Film asko egin dira gaurdaino. Azken ehun urtean han eta hemen sortutakoekin hamaika istorio, berrogei estilo eta ehunka bizipen zinematografiko kalean dira, DVDtan nahiz ordenagailu barruan, gehiengoarentzat eskuragarri. Orain, istorio berriak kontatu eta beroiek irudietan bihurtu nahi izatea, duen kostuarekin, ez da batere erraza. Hortxe dabiltza ekoizleak, zinema maite duten ekoizle motibatuenak ere, han-hemenka milioiak nondik aterako.

«Ez dut urte osoan ia lanik egin eta diru laguntza agortu dut». Halako asko entzun dut azken aldian. Ene, ba ez gaude ongi. Soldatak ikaragarri jaisteaz gain, ezin egitasmoak burutu. Jope, konponduko al da egoera ilun hau? Egia esanda, egunkarietako albisteek ez dute usain onik; zer esanik ez kalean edonori entzute hutsak uzten duen usainaz. Halaz eta guztiz, oraingoz baikor nago, eta ingurukoei baikortasun hori kutsatzea nahiago nuke, errealitateak aurkako pentsamendurantz bultzatzen nauen arren. Baikor mantentzea garrantzitsua baita, itxaropentsu, datorrenari aurre egiteko. Eta egin beharko diogu aurre, bai horixe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.