Garbituz, elkartu

Zerbitzu zibikoko 40 bat boluntarioek Larrun tontorra garbitu dute; taldean lan egiteko aitzakia eta ingurumenaz beste begirada bat sortzea helburu duen eguna izan dute.

Orotara, 73 kilogramo hondakin bildu dituzte; horien artean, 43 kilo birzikla daitezkeenak. N.ARBELBIDE.
Nora Arbelbide Lete.
Larrun
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Zerbitzu zibikoaren bidez, 40 bat boluntario gaztek hainbat misio betetzeko aukera daukate bederatzi hilabetez. Dela zahar etxeetan, ahalmen urrikoekin, ingurumenaz arduratzen diren egituretan, prebentzio kanpainetan edo gisa bereko beste arlo sozialetan. Unis-Cite elkartearen bidez daramaten misioak dira horiek oro.

Eta, orain, bederatzi hilabete horiek abiatu berriak dituztela, elkar ezagutu, taldean lan egiten ikasten hasi eta ingurumenaz beste begirada bat landu, bide horiek eta gehiago abiatzeko eguna proposatu zitzaien atzo. Larrun mendi tontorreko garbiketa izan zuten horretarako gunea, Unis-Cite, Hegalaldia,hondakinez arduratzen den Bizi Garbia eta Larruneko trenaren arteko partaidetzaren bidez antolatua. Lehen aldia zuten.

Goizean trenez mendi tontorrera iritsi, eta bazter ederretan barna begia luzatzeko aukera ukan zuten gazteek lehenik. Behereko itsasoa, ondoko pottoka eta urruneko lanbroez harritu eta, laster, haatik, beste aldeaz ohartzekoa eman zien. Zigarreta puntak, paperezko mokanes pakete hutsak, berina puskak... Urtero, 350.000 bidaiariek hartzen dute trena. Larrun, trenaren bidez, Ipar Euskal Herrian gehien bisitaturiko gunea da, hain zuzen. Eta treneko arduradunek, garbiketa saio batzuk bai, baina garbiketa sakonik egiteko denborarik ez dutela hartzen aitortu zuten. Atzoko bilketaren emaitza lekuko: Orotara, 73 kilogramoko zikinak bildu zituzten. Horien artean, 43 birzikla daitezkeenak.

Beste esperientzia bat

Ez da lan bat, berretsi du Baionako adarraren arduradun Johan Leglisek. Zerbitzu zibikoa egiten dutenak boluntarioak dira. Ez dute hilabete saririk, baizik eta 600 bat euroko kalte-ordaina banaz bertze, baita gizarte segurantza eta beste gisa bereko eskubide zenbait. Ez dute nagusirik ere. Hainbat bide ireki ditzakeen aukera bat, 16 eta 25 urte artekoei, ondotik, lan baten lortzeko Leglisen hitzetan: «Autonomia lantzen laguntzen ditugu, beren biziaren aktore bilaka daitezen». Lanerako bakarrik ez, elkarbizitzarako ere balio dezaketenak.

Esperientzia bat gehiago, horrela ikusten dute bederatzi hilabeteko misioa 19 eta 22 urte arteko Anais, Mathilde eta Emmy lapurtarrek. Ikasketak bururaturik edo ikasketa berriak hasteko bidean, eta gizarte arloan lan egin nahi dutela, urteak ibilbidean balioko duela segur dira. Beste batzuek, lanik gabe eta, goizetan iratzartzeko aitzakia baten gisa daukate misioa. Hori bai, diru aldetik, ez du ematen bizitzeko adina, eta «beharrik gurasoak hor daudela», hiru lapurtarrek baieztatu dutenez aho batez.

Esperientziak sare bat osatzeko ere ematen du, iaz horretan aritu den Elodiek baieztatzen duenez. Etxez etxe dabilen ile apaintzailea da, iaz Baiona Ttipian gaindi egin zuen bere misioa, besta gaualdietan prebentzioa egiten: «Azkenean, bi lanak ez dira hain urrun. Bietan jendeekin mintzatzea da kontua». Orain, jatetxe bat muntatzeko proiektua du, eta gaualdi horietan ostatuz ostatu ibilki eraiki duen sareak proiekturako «denbora irabazten» laguntzen duela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.