Zeledon 01:00etan itzuli da bart Done Mikel elizako kanpandorrera, eta, hala, sei eguneko festari amaiera eman dio. Gutxiago falta da 2011ko Andre Mari Zuriko jaiak iristeko. Orain, balantzea egiteko garaia da: giro ederra egon da Gasteizko kaleetan, bisitari asko gerturatu dira eta jende nahikoa izan da tabernetan. Baina dena ez da polita izan, tabernariek eta eskulan saltzaileek salmenten beherakada nabaritu dute.
Turista asko egon da Andre Mari Zuriaren jaietan. Gasteiz ezagutzera bildu diren bisitariak gora egin dute, Ana Lasarte Gasteizko Udaleko Turismo Arduradunaren arabera. «Gehienbat jaiak ezagutzera etorri dira». Duela urte batzuk Gasteizko jaiak familiartean pasatzeko festak ziren. Euskal Herritik jende asko biltzen zen hirian, senide edota lagunak zituelako. Aurten, Euskal Herritik kanpo etorritako bisitari asko egon direla adierazi du Lasartek. Hotelek ere nabaritu dute bisitarien gorakada. Asteburuan izan da turista gehien, Estitxu Saenz de Buruaga Ciudad de Vitoria hoteleko zuzendariordearen arabera. Larunbatean, hotelek beteta zeudelako kartela jarri behar izan zuten. Bisitari gehienak Madrildik eta Bartzelonatiketorri dira.
Jende asko egon da, eta kalean giro polita sortu da. Tabernak beteta egon dira, bereziki asteburuan. Dena dela, tabernetako jabeak ez daude horren pozik. «Jai lasaiak izan dira: jende asko baina kutxa gutxi», esan du Errota jatetxeko langileak. Tabernetan giro ona egon da, eta ez da gatazkarik ez borrokarik izan. Aldiz, barrara gerturatzen zen jendea iaz baino gutxiago izan da. Kaleetan, aldiz, gazteak hainbat edaritako botilekin ibili dira egunero.
Gasteizko Udaleko garbitzaileak izan dira kaleko giroaren eta jaiaren arrastoak gehien nabaritu dutenak. Egunero, milaka kilo edalontzi eta bestelako zabor garbitu behar izan dute, hurrengo egunean kaleak txukun egoteko. Lehenengo egunean bertan, Zeledonen jaitsieran, 17.000 kilo beira jaso zituzten eta 5.000 litro ur erabili ziren Andre Mari Zuriaren plaza garbi egoteko. 21 kale garbitzaile ibili dira Gasteiz hiria gau luzeetatik berpizten. Goizetan Alde Zaharrean garbitzaileak eta gaupaseroak ikusten ziren gehienbat, bakoitza bere lana egiten.
Txosnek ospakizun berezia izan dute, 30 urte bete dituztelako. Eta ongi ospatu dituzte. Aurtenaurreko urteetan baino jende gehiago egon dela adierazi du Erlantz Andak, txosna guneko kideak. Txupinazoko egunean, abuztuaren 4an, eta ostiralean, abuztuaren 7an, bildu zen jende gehien Andaren arabera. La Cabra Mecanica taldearen kontzertuan, igandean, jende «pila bat» egon zen. «Oso giro ona izan da, aurreko urtean baino jende gehiago bildu da». Jaiek asteburuarekin bat egitea izan da jende gehiago egotearen arrazoietako bat, Andaren ustez. Txosna guneko kideak lanpetuta egon dira afariak egiten, egunero «dezente» egin dituztelako, eta edari gehiago eskatu behar izan dutela adierazi du Andak.
Andre Mari Zuriaren plazatik ez oso urrun, Florida parkea dago. Hor eguerdiro eta arratsalderodantzaldiak izan dira orkestrekin. Parkean eskulangintza azoka izan da egun hauetan. «Jende asko ibili da, baina gehienak ikusleak ziren», adierazi du Jose Manuel Garciak, Artesania Cubana postuko saltzaileak. Iaz baino gutxiago saldu duela esan du. «Krisia nabaritu da, bai». Hala ere, egin dituen salmentekin kontent dago Garcia. Hamazazpi postuko saltzaileak, aldiz, Udalari kritika egin dio: «Nazioarteko Feria irailean jartzea nahi dut; bestela, jendeak han erosten du eta hona begiratzera etortzen da». Nazioarteko Feria ekainaren 23tik uztailaren 18ra egin da Gasteizen, eta munduko hainbat herrialdetako kulturak ezagutzeko aukera eman du. «Bestela, salmentak ongi egon dira. Jende asko egon da», adierazi du saltzaileak.
Bestalde, osasun zerbitzuek 500 lagun artatu dituzte. 254 traumatismoagatik, gehienak txupinazo egunean (135). Alkoholaren eta beste drogen gehiegikeriagatik 60 pertsona artatu dituzte, eta beste 185 beste ezbehar batzuengatik.
GASTEIZKO ANDRE MARI ZURIAREN JAIAK. Bukatu da jaia, hasi da biharamuna
Gasteizek inoiz baino erakargarri gehiago izan ditu Andre Mari Zuriaren jaietan. Hortaz, turista gehiago bildu da. Dena dela, poltsikoak ez dituzte guztiz hustu, krisia nabaritu dela diote tabernariek eta saltzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu