1. Aihotz plaza
Bertsolaritza, euskal dantzak, kontzertuak. Egun eta gau, hamaika ekitaldiren lekuko da Mikel Deunaren eliza alboko plaza. Gose talde arrasatearrak irekiko du gaurko kontzertu festa, eta datozen egunetan bertatik igaroko dira Anje Duhalde, Lain eta Hesian, Gozategi eta Damba taldeak. Goizero, bestalde, 12:30ak aldera, trikitilariak izango dira plaza girotzen lehenak eta bertsolariak ondoren. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso, Julio Soto, Irati Anda, Amets Arzallus, Sustrai Colina igoko dira agertokira, beste hainbaten artean. Arratsaldero, urtero legez, txulalai eta larrain dantzaren soinuekehunka dantzazaleak elkartuko dituzte. 20:30ean hasiko da dantza saioa, gaiteroek lagunduta.
2. Txosna gunea
Jai bereziak dira aurtengoak txosnentzat, 30 urte beteko baitituzte, eta egitarau berezia prestatu dute hori dela eta. Indartsu hasiko dituzte gaur gaueko kontzertuak, 00:00etan, The Pepper Pots eta Betagarrirekin. Eta datozen egunetan Skasti, Ze Esatek, Audience, We Are Standard, Amaiur, Puro Chile, La Cabra Mecanica eta Los Gramones entzuteko aukera izango dute unibertsitate ingurura biltzen direnek. Gaueko kontzertuez gainera, hamaika ekitaldi izango da egunez. Bihar, esaterako, presoen aldeko eguna ospatuko dute, entxosnazio eguna ostiralean eta gazte eguna larunbatean. Afaldu nahian dabiltzanek, gainera, 21:00etatik 01:00etara afaltzeko aukera izango dute karpara gerturatzen direnek.
3. Foru plaza
Gasteizko kontzertu plaza nagusiak erritmo eta kolore askotariko emanaldiak ekarriko ditu aurtengo jaietan. Reggae doinuekin hasiko dira gaur, 00:00etan, Alpha Blondy eta The Solar System taldeekin, eta Macaco, Doctor Deseo, Efecto Mariposa eta Berri Txarrak taldeak helduko dira hurrengo egunetan. Mugimendurik ez da faltako goiz eta arratsaldeetan ere. Bihar, jaien egun handian, pilotazaleen eta bolozaleen txapelketak eta herri kirolak izango dira 09:30ean hasi eta 14:00etara arte. Hurrengo saioen artean, abarka jaurtiketako txapelketa, blusa eta nesken jokoak, orga jokoa eta aizkolariak izango dira.
4. Plaza Berria
Berrikuntzen artean, gaur bertan Zeledonen jaitsiera bertatik bertara jarraitu ahal izango dute, pantaila erraldoi bati esker, Andre Mari Zuriaren plazako jendetzan murgildu nahi ez dutenek. Jai egunetan topaleku garrantzitsua izango da plaza, egunero hamaika ekitaldi egingo baitira bertan. Egunero, goizean goiz, txistulari, gaitero eta trikitilarien topagune izango da lehendabizi, buruhandi eta erraldoiekin batera, eta eguerdian hiriko dantzariak elkartuko dira. Ikurrinari egiten zaion ohiko omenaldi ekitaldia, Zeledon Txiki eta Neska Txikiren jaitsiera festa, azoka edota edadetuen eguneko gastronomia lehiaketa eta dantza hantxe egingo dituzte, besteak beste. Gauero, orkestrek girotuko dute erdiguneko plaza hori, 00:30etik aurrera. Nueva Alaska edo Tropical Showren emanaldiak izango dira, beste batzuen artean.
5. Gaztetxea
Igandera bitartean, hamaika talde igaroko da muinoko etxetik. emango diote hasiera. Gaur arratsaldean, txupinazoaren ostean, egitarau betea hasiko dute, Pirata DJ saioarekin, eta ska eta reggae erritmoekin jarraituko dute gau partean. Revolutionary Brothers, King Soul eta Zizza Pawa izango dira gaur gauean. Elenco Band, Soulfood, Emon, Itziarren Semeak eta Bertan Behera igaroko dira, besteak beste, hurrengo egunetan. 23:00etan hasiko dira kontzertuak, eta DJ saioak izango dira ondoren. Kontzertuekin batera, hamaika ezusteko ere aurkituko dituzte gaztetxera doazenek.
6. Mendizabala
Haurren gustuko txokoa izan ohi da Mendizabala, bertan egoten baitira barrakak. Eta barraka gunetik gertu, gauero su festa izango da nagusi. Herrialde Katalanetako, Espainiako, Italiako eta Kanadako su etxeek parte hartuko dute aurtengoan. Txikienek, gainera, beste txoko batzuk ere badituzte jaietan. Prado parkean, esaterako, abentura gunea aurkituko dute joko eta tailerrekin. Eta arratsaldeetan, 19:00etatik aurrera, antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute Pradon bertan. Oihulari Klown taldearen Mamu txikiak ikuskizuna izango da aurkeztuko duten lehendabizikoa, bihar. Peñafloridako Kondearen plazan, halaber, haurrek izango dute antzerki, txotxongilo eta pailazo ikuskizunik goizero.
Aurreko txokoekin batera, beste hainbat gunetan ere izango da ekitaldirik. Probintzia plazan, esaterako, askotariko ikuskizunak izango dira. Umorea, balleta edota zirku ikuskizunentzako txokoa izango da, egunero 23:00etan. Alde zaharrean, Falerina lorategian, eta Arka plazan ere egunero izango dira musika kontzertuak eta erromeriak.
Egitaraua
GAUR,ASTEAZKENA18:00. Suziriaren jaurtiketa eta Zeledonen jaitsiera, Andre Mari Zuriaren plazan.
19:15. Udal Musika Banda, txistulari, gaitero, erraldoi, buruhandi, zaldi eta txoten konpartsaren kalejira.
19:00. Azabache orkestra, Florida parkean.
20:30. Dantza plazan: larrain dantza eta txulalai, Udal Folklore Akademiako gaiteroekin.
22:00. Farolen prozesioa, erdialdeko kaleetatik.
23:00. Su festa, Mendizabalan.
23:30. Zortzi zezensuzko eta musika giroa fanfarreekin, Olagibel kalean.
00:00. Alpha Blondy & The Solar System, Foru plazan.
00:00. Gose, Aihotz plazan.
00:00. The Pepper Pots taldea, txosnetan.
00:00. Nueva Alaska orkestra, Plaza Berrian.
00:00. Drakar, Arka plazan.
02:00. Betagarri, txosnetan.
03:30. Hondarribi Crash Cars, txosnetako karpan.