Gasteizko Aste Berdea ospatzeko, hamaika ekitaldi bihartik aurrera

Iraunkortasuna ardatz hartuta, eraztun berdea ezagutzeko ibilaldiak, tailerrak eta batzarrak antolatu dituzte

Gasteizko Salburuako hezegunean egingo dituzte ekitaldietako batzuk. GASTEIZKO INGURU GAIETARAKO IKASTEGIA.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Arabako hiriburua berdez tindatuko du Aste Berdeak, bihartik hasita. Hiriburu berdearen izendapenaren harira, hamaika ekitaldi antolatu ditu udalak, herritarrak ingurumenarekin etairaunkortasunarekin gehiago engaia daitezen. Ekitaldiak ekainaren 10era arte izango dira.

Besteak beste, haur eta gazteentzako jarduerak, elikadura osasuntsua izateko tailerrak, energia berriztagarriak erabiltzeko proposamenak, ingurumen jaiak, eraztun berdea ezagutzeko ibilaldia eta erakusketak antolatu dituzte. Idoia Garmendia Ingurumen zinegotziak esan duenez, ekintza horien bidez «herritarrek hiriburu berdea sentitzea» nahi dute.

Gaur hasiko dira ekitaldiak, Europako jauregian egingo duten batzarrarekin. Hainbat herrialdetako ikasleek parte hartuko dute eskola foroan, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ehundik gora ikaslek. Herrialde bakoitzean egindako ingurumen diagnostikoaren emaitzak aztertuko dituzte. Asteazkenean, berriz, Europako sei udalerriren proposamenak eta konpromisoak aurkeztuko dituzte, eta ekainaren 6an, haur eta lehen hezkuntzako ikasleek aurrez landutako proposamenak aurkeztuko dizkiete udal ordezkariei.

Ekainaren 5ean, Expo Green erakusketa inauguratuko dute, Europa jauregian bertan. Hiriburuaren izendapenak zer helburu duen, zergatik egokitu zaion eta zer eginbehar ekarriko dituen azalduko dute bertan. Hiru gunetan banatuta, mila metro koadroko erakusketa paratuko dute. Bestelako hitzaldi eta lantegiak egiteko lekuak ere izango dira.

Salburuko Ataria gunean ere egongo da ingurumenarekin lotutako ekitaldirik. Hala, ostegun honetarako Eko-rallya antolatu dute: energia aurrezteko eta CO2 kantitate isuriak gutxitzeko asmatutako ibilgailu berriak sustatzea du helburu.

Igande goizean, Salburuko hezeguneen interpretazio zentroan egingo dute ingurumenaren jaia. Energia berriztagarriekin lotutako gailuen erakustaldia, haurrentzako ibilgailu elektronikoen pista, eguzki sukaldaritzako tailerra eta birziklatutako materialarekin egindako jostailu tailerra egingodituzte. Egun bererako, eraztun berdeko bira antolatu du Peña Karria elkarteak, herritarrek eraztun berdea osorik eta ikuspegi «osasuntsu eta dinamikotik» ezagutzeko ibilaldia.

Gizarte etxeetan ere bai

Gizarte etxe eta udal kiroldegietan ere hamaika jarduera antolatu dituzte Aste Berdea ospatzeko. Aldabe gizarte etxean, adibidez, sasoiko produktuak landatzeko eta elikadura subiranotasuna ikasteko tailer praktikoak antolatu dituzte ekainaren 5etik 8rako.

Iparralden, berriz, energia berriztagarriari buruzko jarduerak prestatu dituzte egun horietarako. Adibidez, eguzki labeei buruzko tailerra egingo dute; bertan, elikagaiak prestatzeko eguzki energia erabiltzen duten labeak eraikitzen irakatsiko dute. Halaber, naturaren indarrak baliatzeko tresnak ezagutu eta erabiltzeko aukera egongo da. Besteak beste, eguzki labea, eguzki scalextrica, eguzki pirografoa, ariete hidraulikoa eta bizikleta estatiko dinamoduna ikusi eta erabili ahalko dira. Beste tailer batean, berriz, eguzki auto bat eraikitzen irakatsiko dute, birziklatutako materialak, motor bat eta plaka fotovoltaiko bat erabiliz.

Judimendi, Lakua, Ariznabarra eta Landazuri gizarte etxe eta kiroldegietan ere izango da ingurumenaz ikasteko eta gozatzeko aukera aparta: ipuin kontalariak, bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroak, gurpil gaineko hiri patinajerako hastapen ikastaroaketa hiri ortua landatzen hasteko tailerrak emango dituzte horietan.

Ekainaren 10ean, bukatutzat emango dute Aste Berdea, Lakua-Arriagako aparkalekuan antolatutako truke jaiarekin. Arropa, jostailuak, ipuinak, etxeko tresnak eta bestelako gauzak trukatzeko aukera izango dute gasteiztarrek egun osoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.