«Piperrekin eta tipulekin aritzea ez da gure ardura bakarra; sukaldariok ikasten jarraitu nahi dugu, eta ezagutzak partekatu». Pedro Subijana sukaldariaren hitzak dira, Sukaldeko Solasaldiak jardunaldien aurkezpen ekitaldian atzo esandakoak. Donostiako Miramar jauregiak gastronomia, zientzia eta berrikuntza harremanetan jarriko ditu martxoaren 14an eta 15ean; sektore arteko ezagutza truke bat izango da.
Mundu osoko hainbat profesionalek hitzaldiak egingo dituzte; lidergoa, motibazioa eta hazkunde pertsonala landuko dituzte jardunaldietan. Parte hartu nahi duen guztiak izena emateko aukera du webgune honetan: www.dialogosdecocina.com; dena den, Miramar jauregira joan gabe ere, Internet bidez jarraituko ahalko dira hitzaldiak. Egunean sei hitzaldi entzuteko aukera izango da, 10:00etatik hasita 18:30 arte. Medikuntza, psikologia, filosofia, publizitatea eta enpresa arloko ezagutzak emango dituzte adituek; hitzaldi horietan, sukaldaritza garatzeko erantzun posibleak aurki ditzakete gastronomia arloko profesionalek. Horrela, sukaldaritzak ateak zabalduko dizkie ezagutza esparruei.
«Partekatuz hazten da ezagutza», dio Andoni Luis Aduriz sukaldari eta jardunaldien sustatzaileak. Duela urte batzuk proposatu zuen Adurizek horrelako jardunaldi batzuk egitea, eta aurten, hirugarrenez antolatu dute biltzarra. 200 bat lagunentzako tokia du Miramar jauregiak. Han bilduko direnek, hitzaldiak entzuteaz gain, adituekin harreman zuzena izateko aukera izango dute. Kontua ez baita entzutea bakarrik: «Zabaldu, partekatu, eman eta ikasi» egin nahi dute jardunaldietako parte-hartzaileek.
Subijanarekin eta Adurizekin batera, Juan Mari Arzak izango da Sukaldeko Solasaldietan: «Beti sukaldariak aritzen gara gastronomiaren inguruan hitz egiten, orain besteek hitz egin gaitzatela». Arzakek azaldu du 2007an jardunaldiak lehenengoz egin zituztenetik eboluzionatu dutela: «Zientziarik gabe ez dago bilakaerarik». Gainera, Donostia eta Gipuzkoa gastronomiaren erreferente direla adierazi du; haren hitzetan, «arrakasta lortu badugu, gure irudimen hutsagatik izanda da». Euro-Toques sukaldarien elkartearekin batera, Basque Culinary Center arduratu da ekitaldia antolatzeaz. Zentroko zuzendari Joxe Mari Aizegaren hitzetan, ohore bat da Sukaldeko Solasaldien hirugarren ekitaldian parte hartu ahal izatea: «Proiektu honen emaitza taldean lan egiteak duen garrantziaren isla da». Eta horixe bera da Basque Culinary Centerreko ikasleei erakutsi nahi dieten balioetako bat.
Hamar adituren bisita
New Yorketik helduko da Martin Seligman Donostiara. Psikologia Positiboa delakoaren sustatzailea da, eta jardunaldien bigarren egunean emango du hitzaldia. Seligmanen atzetik, Fidel Delgado psikologoa eta Luis Huete enpresa arloko aditua ariko dira. Toni Segarrak publizitateaz hitz egingo du; ondoren, Luis Rojas Marcos medikuaren txanda izango da. Sukaldeko Solasaldien lehenengo egunak ere bost hizlari izango ditu: Mario Alonso Puig giza adimenaren aztertzailea, Azucena Vega enpresa munduko aditua, Jose Antonio Marina filosofoa, Nigel Barlow sormen gaien inguruko aholkularia etaMiguel Beato mediku eta ikerlaria izango dira gonbidatuak.
Gastronomia arlo askotariko ezagutzez elikatuko dute Donostian
Sukaldeko Solasaldiak jardunaldietan lidergoa, motibazioa eta hazkunde pertsonala landuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu