Gauben, elurra bidelagun

Ez zuten garairik aproposena aukeratu Gaube eskalatzeko. Elur gehiegi zegoen pilatuta, eta bost ordukoa behar zuen eskalada bi egunekoa bihurtu zen.

Donostia
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Elurte handi batek egin zien ongietorria Cauteretsen Suso Aiestaran, Julio Villar, Alfonso Alonso eta Juan Laredori. Ez zuten garairik aproposena aukeratu Gaube eskalatzeko. «Normalean uztailean eskalatzen zen, elurra egonkortutakoan. Guk ekainean edo irailean joateko aukera genuen, eta ekainean joan ginen», gogoratu du Aiestaranek. Bi egun pasa zituzten herrian, elurtea bukatu zain.

Elurtearen aztarnak agerikoak ziren mendian: Vignemaleko iparra elurrez gainezka zegoen. «Baldintzak ez ziren saiatzeko modukoak, baina hain ginen itsuak, sartzea erabaki genuen». Gaube ibarrean dagoen aterpetxea artean eraiki gabe zegoen, eta eskalatzen hasi bezperako gaua harri baten azpian pasa zuten, Mulets lepoaren magalean. «Villa Meillon deitzen genion harriari, erromantikoki. Mila izarreko hotela zen. Oraindik ere han hartzen dut ostatu Vignemalera noanean», dio Villarrek.

Bezperan gerturatu ziren korridorea zer baldintzatan zegoen ikustera. Ekainaren 5ean ekin zioten eskaladari. «Elurra goitik behera erortzen zen malda piko bat zen korridorea, izotz bidea beharrean». Horman sartuta dagoen harkaitz handi bat da bidearen lekurik ezagunena. Sabai moduko bat osatzen du, eta hara iritsitakoan izan zituzten komeriak. «Bost orduan eskalatu genezakeen bidea bi egunetan igo genuen. Azkar iritsi ginen gailurretik gertu dagoen eremu batera, baina egun eta erdi behar izan genuen 150 metroko tarte bat eskalatzeko. Halako lekuak ahalik eta azkarren pasatu behar dira, eta guk nahikoa arriskatu genuen», egin du gogoeta Villarrek. Haien mendizale ibilian «zortea» izan dutela dio: «Baina onik atera ginen beti eta zerbait ongi egingo genuenaren seinalea ere izango da, ezta?».

Cauteretsera jaitsi zirenean, gazteentzat prestatutako ostatura joan ziren. Hatzetan izozte txiki batzuk zituzten, eta sendagilearengana joateko gomendatu zien ostatuko jabeak. «Guk dirurik ez genuen, ordea». Apaiz itxurako gizon hark utzi zien dirua, itzultzekotan, noski. «Dirua bueltatu genion, eta gerora gutun bat idatzi zidan, eta gordeta daukat. Bitxia da, apaiz itxurako gizon hura ere mendizale aparta zela jakin nuen, mendizale historiko bat: Cadier anaietan zaharrenarekin Balaitous eskalatu zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.