XII. mendean girotutako lan honetan kristau eta musulmanen gutizia bihurtutako Jerusalem ageri zaigu, infernutik gertu. Iluntasunaren barruan, osagai asko nahasten ditu Ridley Scott zinemagile ospetsuak (Blade Runner), eta emaitza nahiko entretenigarria da.
Indartsu hasten da filma, tonu ilun, goibel eta elurtuekin. Ondo planifikatutako tonu ilun horretaz baliatuta, emaztea hil berri zaion Orlando Bloom gaztearen esperantzarik eza adierazi nahi du zuzendariak, baina istorioak aurrera egin ahala, tonua ez da inoiz argitzen.
Scottek ondo koreografiatzen ditu borroka pasarteak. Hain zuzen, gudarosteak elkarren aurrean mugimenduan jartzean Akira Kurosawari keinu egin nahi diola dirudi. Kristau eta musulmanen buruzagitzak aztertzean, ordea, sinesgaitzagoa egiten da lana, eta pertsonaia protagonisten marrazketa ez da erabat osoa.
Gerrako filmak gustuko dituzten ikusleek behintzat ondo pasako dutela argi dago, teknikoki ekoizpen aparta baita. Beste kontu bat da historikoki gertaerak aztertzen hasiz gero, akatsak mordoxka baitira. Sakontasun handiagoa eska zitekeen, eta gidoiak zenbait unetan huts egiten du. Baina ikusgarria denik ez dugu ukatuko.
############
GAURKO FILMAK. Gerrako film ikusgarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu