Iñaki Cabases. Txupinazoa botako duen Nafarroa Baiko zinegotzia

«Gaurko protagonista suziria da; ni tresna naiz»

LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Gaur eguerdian piztuko du txupinazoa Iñaki Cabases (Iruñea, 1952) Nafarroa Baiko zinegotziak. Sanferminzale amorratua, festan murgiltzeko gonbita egin die iruindarrei eta Iruñetik kanpo festara etortzen direnei.

Gaur eguerdian botako duzu txupinazoa. Nola sentitzen zara?

Oso pozik nago. Nire taldekoek aho batez txupinazoa niri botatzeko ohorea eman izana eskertzen dut eta haiek ordezkatzeaz harro nago. Iruindarra eta sanferminzalea naiz, eta festen hasierako ekitaldi bakarrean parte hartzea oso pozgarria da.

Zer esanen diozu plazan zain izanen duzun jendeari?

Modu sinpleena erabiliko dut. Jendeak espero duena eta partehartzerik handien sortzen duena erabiliko dut. Protagonista suziria da, eta ni tresna bat besterik ez. Ez da jaia ordezkatu behar.

Zer eginen duzu suziria bota ondoren?

Urtero egiten dudan gauza bera. Udaletik atera, eta lagunekin aperitiboa hartzera joanen naiz. Gero, ikusiko dugu, bazkari arina edo kafe toreatzaile baten artean erabaki beharko dut. Urtero bezala, Riau-riauera ere joanen naiz. Baina aurten ezberdina izanen da, iruindar gisa joan beharrean, udal ordezkari gisa joanen naizelako. Hain mugarri berezi eta garrantzitsua berreskuratzeko aukerak ilusio handia egiten dit. Historikoki, askorentzat sanferminen hasiera ez zen suziria, Riau-riaua baizik. Horrelako ekitaldi batean udal ordezkari gisa parte hartzea ohorea da. 1978. urteko sanferminik gabe utzi gintuzten belaunaldikoa naiz. Horregatik, beti esaten dut sanferminei gauzak gehitu egin behar zaizkiola, kendu inoiz ez.

Egitarau ofizialean sartu da Riau-riaua. Arrakastatsua izanen da?

Azken urteetan Riau-riaua kendu egin izan da, penagarria izan da. Jendetza biltzen den ekitaldia da, eta zailtasunak ditu kalean sartzen den baino jende gehiagok parte hartu nahi duelako. Horrek ekitaldia zailduko du, baina guztiok elkarlanean aritzea espero dut, Riau-riaua, behingoz, berriro egitarauan sartzeko eta gehiago ez kentzeko.

Oso saferminzalea zara. Nola pasatuko dituzu sanferminak?

Betiko moduan. Sanferminak asko gustatzen zaizkit, eta, egun jakin batzuk direnez, denbora ahalik eta gehien baliatu behar duzu. Saiatzen naiz ahal den ekitaldi guztietara joaten, baina, batez ere, kalea gustatzen zait. Bi irizpidez gidatuak egotea nahi nuke: batetik, elkartasuna. Bidegabekeria asko eragiten ari den krisi ekonomiko larrian gaude. Asko oso egoera kaskarrean daude, eta elkartasuna adierazi behar diegu. Bestalde, behingoz, berdintasuna ezartzea nahi nuke. Gizon eta emakumeek osatzen dugu gizartea, eta ez luke diskriminaziorik egon behar. Sanferminetan desagertu egin behar dumatxismoak, oraindik hor baitirau.

Zer duzu gustukoen sanferminetan?

Dena gustatzen zait, baina sanferminek zerbait berezia badute, hori erraldoien eta kilikien konpartsa da. Konpartsa ikustea eta harekin ibiltzea ezinbestekoa dut. Egunero ibiltzen naiz, hutsik egin gabe.

Eta zer da gutxien maite duzuna?

Musika gune batzuetan dagoen gehiegizko soinua, zarata ikaragarria izaten da, eta traba egiten dit. Gehiegizko zikinkeria ere badago. Gauza bat da parranda egitea, eta beste bat utzikeria. Guztiok lagundu behar dugu hiria garbi edukitzen.

Zer esanen zenioke sanferminetara lehen aldiz heldu denari?

Kaleko giroak gidatzen uzteko gomendatuko nioke. Saia dadila giro horretan sartzen, sanferminak bizitzeko direlako, kontatzeko baino. Etorri berriak saiatu behar du giro horretan murgiltzen.

Nola iritsiko zara Pobre de mí-ra?

Ez naiz joan ere egiten. Urteko unerik tristeena da, eta saihestu egiten dut. Entzierroko hesiak kentzen ikusteak, eta festa bukatzen dela sumatzeak beheraldia eragiten dit. Bizitza osoa daramat sanferminak bizitzen, eta bukatzeak tristetzen nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.