Estelle, Askatasunaren ontzidiko belaontzia, Donostiara iritsiko da igande goizean. Udalekoek harrera egingo diote, itsasoan zein lehorrean. Mota guztietako ontziak hurbilduko dira belaontzira uretan. Lehorrean, Pasealeku Berriaren, Aquariumaren eta Oteizaren eskulturaren arteko gunean bilduko dira. Han, ohorezko aurreskua, brindisa eta agurra egingo dituzte.
Suediatik atera zen belaontzia, eta Gazara bidean da, Gazaren aurkako blokeoa eta giza eskubideen urraketa salatzeko. Udal gobernuak babesa eman dio proiektuari, eta palestinarren aurkako zigor kolektiboa bertan behera uzteko eta Genevako Ituna betetzeko exijitu du.
Bi eguneko egitaraua
Udalak bi egunez ekitaldi ugari egiteko azpiegitura emango die, proiektua herritarrei ezagutarazteko helburuarekin.
Igandean, harrera amaitzean, kalejira aldarrikatzailea egingo dute, Donostiako udaletxeko batzar aretoraino.
Parte Zaharrean, txikiteoa eta herri bazkaria egingo dituzte, 13:00etan hasita. Beharrezkoa izango da izena aurrez ematea.
18:30ean, kantaldia egingo dute ontziaren karelean. Navil Mansur palestinarra eta Aitzol eta Mikel Arramazka arituko dira kantuan.
Astelehenean, Estelle ontzia bisitatzeko aukera izango da. Bisita gidatu libreak antolatuko dituzte 10:30etik 17:30era bitartean. 19:30ean, kantaldia egingo dute Paco Ibañez eta Itziar Zamorak, ontziaren kareletik.
Gazara bidean, Donostia
Donostiak 'Estelle' belaontziaren bisita jasoko du igandean, eta bi eguneko egitaraua prestatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu