Idiazabal gaztarekin egindako bizkotxoa, espiralean bildu eta txokolatez estalia. Haurrek —eta ez hain haurrek— jaten dituzten Phoskitosaren itxurakoa. Idiazabalkitos izena jarri dio opil bereziari bere sortzaileak, David Monaguillok.Ez da ez euskal herritarra eta ezta sukaldaria ere —lanbidez ez behintzat—. Salamancakoa da (Espainia), eta ingeniari informatikoa, baita sukaldaritzan zaletua ere.
Zenbaitentzat bekatua litzateke horrelakorik egitea; gazta txokolatearekin nahastea alegia, batez ere, Idiazabal gaztaren zaleentzat, baina, sortzaileak ez du gazta horientzako hitz zikinik: «Nire gustukoenetakoa da, nortasun propiodun eta oso ekilibratua; gatzagi ederrekoa gainera. Horri guztiari esker nabarmentzen da gazten edozein taulatan».
Blogari esker ezagututako bi lagunek Aranburu gazta bat oparitu ziotenean hasi zen probak egiten Idiazabal gaztarekin. «Lehenago blogean zintzilikatuta neukan errezeta bati jarraipena emateko egin nuen opila. Aurrenekoa, sagardotegiko menu tipikoko produktuekin egin nuen: bakailaoa, irasagarra, intxaurrak... Idiazabalkitosaren kasuan, Euskal Herriko sukaldaritzaren erritual bat aukeratu nuen, gazta eta irasagarraren postrea alegia». Gazta, txokolatea, azukrea, arrautza, irina eta irasagarra dira erabiltzen dituen osagai nagusiak.
«Kontsumo propiorako» egiten ditu errezeta guztiak, baita Idiazabalkitosa ere. Baina, jende askok blogetik errezetak hartu eta prestatu egiten dituela dio, baita Idiazabalen opila ere. «Nire proposamenak egin dituzten jendearen idatziak iristen zaizkit, askotan argazkiak ere bidaltzen dituzte froga moduan. Zure sorkuntzak jendearen errezeta zerrenda aberasten duela jakiteak sentsazio sinestezina sortzen du».
Sortzen dituen jakiak «oihartzuna» izaten ari direla uste du, eta gero eta gehiago omen dira bere zerbitzuak eskatzen dizkiotenak. Besteak beste, show cookingsak, aholkularitzak, iritzi artikuluak... «Lanbidez informatikaria naizen arren, sukaldearekin lotutako gero eta proiektu gehiago sortzen ari zaizkit. Denbora libre gutxiago daukat, baina, hori ere eskertu egiten da».
Blogaria ere bai
Pecados del monaguillo izeneko bloga kudeatzen du sukaldari afizionatuak, eta bertan zintzilikatuta dauka errezeta. Bloga sarri eguneratzen du; izan ere, bi edo hiru egunetik behin errezeta berri bat jartzen du. Bere egunerokotasunaren berri eta musikaren inguruko gomendioak egiten ditu, beti ere, umore ukituak erabilita. «Ez da blog arrunta, hasieratik garbi neukan ez nuela beste bat gehiago izan nahi».
Errezetak ematen dituzten atari asko dauden arren, askotan errezeta nahiko arruntak jarri ohi dituztela dio. «Nire blogean, etxerako moduko goi sukaldaritzako errezetak jartzen ditut».
Gazta txokolatearekin
Sukaldean ibiltzea gustatzen zaio David Monaguillori. Idiazabal gazta erabilita opil bat sortu du. 'Idiazabalkitos' jarri dio izena, Phoskitos gozokiaren itxura daukalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu