Urtero bezala, iritsi dira Euskal Jaiak Ordiziara, eta gazta usainak jantziko du herria. Asteazkenean egingo da gazta lehiaketa; Ordiziako Euskal Jaien ikur bihurtu da ekitaldi hori, urtero dirutza ordaintzen baita irabazten duen gazta erdiaren truke. Dena den, aste osorako antolatu dituzte ekitaldiak herrian, eta jaiaz gozatzeko aukerarik ez da faltako.
Asteazkena izango da egun nagusia. 60 gazta zale inguruk parte hartuko dute aurtengo Idiazabalgo gazta lehiaketan. Eta, urtero bezala, irabazten duen gaztaren erdia enkantean salduko dute. 7.300 euro ordaindu zituen iaz Bilboko Porrue jatetxeak; Jesus Mari Lariz Ordiziako jai eta azoken teknikariaren ustez, ordea, prezio hori igo egingo da aurten. «Ezustekoak izaten dira enkantean. 2009an, esaterako, 12.100 euro ordaindu zituzten».
Goizean goiz hasiko dute jaia ordiziarrek. Goizeko bederatzietan, Tolosako dultzaineroek eta Zumarragako trikitilariek kaleak alaituko dituzte. 09:30ean, berriz, lehiaketan parte hartuko duten gaztak D'Elikatuz zentrotik pilotalekuraino eramango dituzte, desfilean. Bi idirekin eramango dituzte gaztak, gurdi batean. Gurdiaren atzetik, berriz, Ordiziako Idiazabalgo Gaztaren Kofradia eta artzainak joango dira, trikitilari eta dultzaineroekin batera.
Behin pilotalekura eramanda, epaimahaiaren esku geratuko dira gaztak. Haiena izango da azken hitza. 13:00etan emango dute irabazlearen izena, eta sariak banatuko dituzte. Bost gazta onenei ematen zaie saria: lehenari, 1.550 euro eta gazta irabazlearen 5.000 etiketa ofizial; bigarrenari, 750 euro; hirugarrenari, 430 euro; laugarrenari, 210 euro; eta bosgarrenari, 180 euro. Sariak banatu, eta berehala hasiko dute enkantea.
Gazta lehiaketaz gain, beste hainbat ekitaldi ere izango dira asteazkenean, eguna borobiltzeko. Goiz osoan, ganadu, fruta, barazki, lumagorri eta perretxikoen erakusketa eta lehiaketak izango dira. Arratsaldean, berriz, profesionalen arteko pilota partidak eta heri kirolak.
Aste osorako egitaraua
Egun handia asteazkena bada ere, aste osorako prestatu dituzte ekitaldiak. Bihar bertan, erretiratuen eguna ospatuko dute. Trikitilariek herriko kaleak alaituko dituzte, goizeko hamarretan hasita. Eguerdian, berriz, erretiratuek Beti Alai pilotalekuan bazkalduko dute. Aukera paregabea izango dute mahai inguruan jarrita kontu zaharrak gogora ekartzeko, edo oraingoez aritzeko. Eta mahaian aspertzen denak dantza egiteko aukera ere izango du, orkestra bat izango baita.
Asteartean, berriz, gastronomiak hartuko du lekua. Batetik, bertako produktuekin egindako sukaldaritza lehiaketa egingo dute elkarteen artean. Bestetik, Goierriko odolki onenaren dastaketa lehiaketa. 17:30ean izango dira bi ekitaldiak, Plaza Nagusian. Jarraian, erraldoiak Ordiziako kaleetan ibiliko dira, trikitilariekin eta txarangarekin batera.
Ostegunean, Idiazabalgo gaztaren dastatze komentatua egingo du Jose Ramon Aguirianok. D'Elikatuz zentroan izango da ekitaldia, 18:00etan. Parte hartu nahi izanez gero, izena eman beharra dago (943-88 22 90).
Larunbaterako ere egitarau zabala prestatu dute. Kuadrillen arteko herri kirolak izango dira goizean. Arratsaldean, berriz, sagardo festa egingo dute Plaza Nagusian. Eta, eguna amaitzeko, Gozategiren kontzertua.
Gazta usaineko astea
Bihar hasiko dira Ordiziako Euskal Jaiak; asteazkenean izango da gazta lehiaketa, baina aste osorako egitaraua prestatu duteHirurogei gazta inguru aurkeztuko dituzte lehiaketara; irabazlea enkantean salduko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu