Iruñeko Udalak ibilaldiak eta janari nahiz ardo dastatzeak antolatu ditu uda guztirako, Iruñea atsegin dut! programaren barruan.
Ostiralero, pintxo eta ardoarekin batean afariak eskaintzen dituzte Ziudadelako aretoan, eta asteko lehen hiru egunetan, ardo dastatzeak Descalzos kaleko erakusketa aretoan. Afariak ere badira, ostegunetan. Gaur Muñeca Brava musika taldearen kontzertuarekin batera izango da afaria, Beti Jai jatetxean.
Musika ez da afalorduan bakarrik izango, eta pasieran ere musikaren erritmoan ibiltzea proposatu dute. Hilaren 27an, harresiaren inguruko ibilbidea izango da Zaldi Zuriaren zokotik Maiatzaren 2aren plazara; harresi guztia kandelen argiaz apainduta egongo da. Horiek ez dira ibilaldi bakarrak izango: bisita gidatuak ere badira. Asteartetik igandera, 17:00etan eta 18:00etan harresia, hiriko monumentuak eta gotorlekua ikusteko aukera ematen dute. Ostiraletan, hiria gauez erakutsiko dute.
Iraileko bigarren asteburuan, Erdi Aroko azoka zabalduko da alde zahar guztian, taberna eta umeentzako jolasekin.
San Bartolomeko Media Lunan, hiriko historia argazki, marrazki eta ikus-entzunezkoekin azalduko dute asteartetik igandera.
Udalak martxan jarri du Iruñeko irudiekin postalak bidaltzeko ekimena ere, hiriko txokoak inguruko guztiei erakusteko.
Gerizpean. Uda-pasa
Geldirik ez dagoen hiri bat
Afariak, Erdi Aroko azoka, harresiaren inguruko ibilaldiak, ardo dastatzea eta beste izango dira Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu