Izenez beteriko zerrendak ageri dira Iñaki Egaña historialariak argitara eman duen liburu berriaren (Frankismoa Donostian) atzealdean. Eranskinak dira; sei guztira: Frankismoak fusilatutako donostiarrei dagokie lehena; bonbardaketengatik hildako hiritarrei bigarrena; armada errepublikanoak hildako donostiarrak daude hirugarren multzoan; 1938 eta 1958 bitartean preso egondakoen zerrenda da laugarrena; haurrei dagokie bosgarrena; eta Mathausen izena darama azkenak.
Genozidio baten zerrenda beltzak dira. Urte askoan isilean baina bizi-bizirik egon den sufrikario baten froga hotzak. Kopuru objektiboen ifrentzua osatzen dute bat-batean eta indarkeriaz eten ziren bizitzek. Malkoak xuxurlatu egiten ziren familia horien barruan; bakarrik intimitatean. Frankismoak burdinazko manta batekin estali zuen genozidioaren oroimena urte askoan; baina ez da galdu. Egañaren ustez, ikerketa ez da «sekula» bukatuko, nahiz eta datuak egon badiren han eta hemen, hilerrietan eta artxibategi militarretan, udaletxeetan eta eritegietan. Halaber, hildakoen familiartekoen testigantzek hariaren lana egiten dute beltza baino beltzagoa den historia josteko. Bide bazterrak, kanposantu ilunak eta mendeku makurrak aipatzen dituzte euren ahotsek, hildakoen oihartzuna balitz bezala.
Aurreko asteartean 75 urte bete ziren Donostia matxino frankisten esku geratu zela. Garaileen zapaltzea «basatia» izan zen: 85.000 biztanleetatik 34.000 inguru geratu ziren etxean falangistak hirian sartu zirenean. Gehienek errurik ez zutela uste zuten, ez zitzaiela ezer gertatuko. Ez zioten benetako neurria hartu egoerari. 400 bat fusilatu zituzten, geratu zirenen %1. Beste talde handi bat kartzelan egon zen urte askoan. Haur anitz atzerrira eraman, eta asko ez ziren sekula itzuli. Badira Mathausenen eta Dachaun Zyklon B gasaz hil zituzten donostiarrak ere. Halako datu deigarriz idatzi zen «hiriaren tragediarik handiena XX. mendean».
Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz argitaratu du Genozidioaren Biktimen Elkarteak Iñaki Egañaren Frankismoa Donostian liburua. Egia berreskuratu eta benetako historia berridazteko saio moduan ulertu behar da.
Ezarian. Oroimen historikoa
Genozidio bat
Iñaki Egaña historialariak 'Frankismoa Donostian' liburua plazaratu du falangistek hiria bereganatu zuteneko 75. urteurrenean. Matxinoek sarraski handia egin zuten Donostian: 400 bat fusilatu egon ziren, eta beste hiritar askok egonaldi luzeak egin zituzten presondegietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu