Bi saio ordu berean, herri bereko bi lekutan. Telebistako kontraprogramazioa dirudi, baina gaur Zarautzen gertatuko da. Euskal Herriko egoera hartuko du aintzat Joseba Ariznabarretak, batean. Bestean, Iraken menpeko Kurdistango kurduen egoera Karlos Zurutuzak.
Irakeko kurduak, bizitzak bazterbidean bideoa aurkeztuko du Zurutuza kazetariak. Euskal herriko hainbat hedabiderentzat egin du lan Zurutuzak, Pakistan, Afganistan eta Iraken. 2009an estreinatu zuen dokumentala, Borja Portuondo kamerariarekin batera eginikoa. Kazetariak urteetan bildutako istorioak irudien bidez kontatzea zuten helburu.
«Ezkor abertzale» gisa deskribatu du Pako Aristik Joseba Ariznabarretak ordezkatzen duen ildoa. Filosofia irakaslea izan zen Ariznabarreta (Galdakao, Bizkaia, 1936). Euskadi, aproximación política liburua argitaratu zuen duela hamar bat urte, eta Pueblo y poder 2007an. Orreaga taldekoa da. Euskal sistema politikorik ez dagoela eta Espainiakoaren apendizea baino ez dela dio. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan gaur pairatzen dugun atzerakada «estrategia eraginkor baten gabeziaren» ondorioa da. «Euskal Herriak ez du izan bere kontzientzia mailaren pareko klase politikorik», dio, eta «erretiratzeko» eskatu die buruzagi abertzale guztiei.
HITZALDIAK
Noiz. Karlos Zurutuza, Arrano tabernan. Joseba Ariznabarreta, Putzuzulon. Gaur, 19:30ean.
Geopolitika eta euskopolitika
Irakeko kurduen egoera eta Euskal Herrikoa aztertuko dute gaur Zarautzen, hitzaldi banatan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu