Gerizek ez zaitzatela izutu

Adrian Ruiz de Hierro argazkilariak 'Darkness', iluntasunaren inguruko argazki erakusketa zabaldu du Elgoibarren

2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Ikus ezin daitekeenak baino beldur handiagoa ematen duenik ez dagoela diote. Imajinazioa gai da inon ez dagoen mundu bat sortzeko, eta ilunpean baldin bada, norbanakoa surrealismoaren mugetaraino eramateko abilezia du. Horretaz baliatu ziren, behintzat, Alfred Hitchcock eta gisako beldurraren maisu handiak. Beste artista askok, ordea, mamuak uxatu eta edertasuna baino ez dute topatzen ilunpean.

Horietako bat da Adrian Ruiz de Hierro argazkilaria. Atzotik hasita hilak 24a arte, Darkness argazki erakusketa zabaldu du Elgoibarko kultur etxean (Gipuzkoa). Gauean ateratako argazkiek osatzen dute bilduma, eta beldurraz gain, armonia eta lasaitasuna transmititzen duten irudiak jasotzen ditu.

«Inkontziente sakonenetik jaiotako obra» dela dio egileak, eta sentimenduen garrantzia azpimarratzen du. «Argazkilaritza lan bat baino gehiago, pentsamendua itzali eta sentimenduak pizteko aukera da Darkness».

Argazkilaritza Ruiz de Hierroren pasio handiena den arren, ez da bere lanbide bakarra. Publizitate munduan aritzen da, eta, besteak beste, Gasteizko Jazz jaialdian lanean ibili da. Iaz, Lux Publizitate Sari bat eskuratzeko izendapena jaso zuen, Verde por fuera, verde por dentro kanpainarengatik.

'DARKNESS' ERAKUSKETA

Non. Elgoibarko kultur etxean.

Noiz. Irailaren 24a arte.

Ordutegia. 18:30etik 20:30era (igandean itxita).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.