Aurten ere elkarretaratzea eginen duzue Baionako zezen-plazaren aitzinean. Zer adierazi nahi duzue horren bidez?
Elkarretaratze handi bat egin nahi dugu bihar Baionako zezen-plazaren aitzinean. Lortu nahi dugun helburua zentzuzkoa da, besta animaliarik torturatu gabe egin daitekeela adieraztea. Gure ahotsa presente egonen da gehiegikeria salatzeko. Informazioa zabaltzen saiatu gara bestak hasi aitzin, eta jende ugari biltzea espero dugu. Arratsaldeko bostetan bilduko gara, zezen-plazako sarrera nagusian, eta oren batez egonen gara han. Elkarretaratze baketsu eta isila eginen dugu. Musika jarriko dugu, Chopinen hileta martxa, jendeak zezen-plazara sartzen diren bitartean. Kontuan hartu behar da plazara sartuko diren pertsonen %80 lehen aldiz sartuko diren turistak direla. Beraz, horientzat izanen da informazioa. Iritzia emanen diegu, eta ikusten duten guztia kontuan hartzeko eskatuko diegu, ez bakarrik apaindura edo toreatzailea. Zezenari so egin diezaiotela, pentsa dezatela zer litzatekeen haiei egitea zezenari eragiten dizkioten zauriak. Ikus dezatela odola, sufrimendua.
Zezen-plazara mugatuko duzue protesta?
Ez, ahalik eta protesta ikusgarriena egin nahi dugu. Arratsaldeko seietan Herriko Etxe aldera abiatuko gara. Baionako karriketan ibiliko gara, orkestra baten laguntzarekin. Hamabost laguneko perkusio taldea eramanen dugu. Harrabotsa egin nahi dugu jendeen gogoak inarrosteko.
Herriko Etxeak diru sail handiak ematen ditu zezenketak egiteko. Zer iruditzen zaizu?
Ez da normala Herriko Etxeak zezenketa ordaintzea. Lehenik erran behar dut zaila dela jakitea zenbat xahutzen duen zuzen. 2007an aurrekontua 2.287.000 eurokoa izan zen. Baina zezenketa munduari ematen dizkioten bertzelako laguntzak gehitu behar zaizkio kopuru horri. Herriko Etxeak 400.000 euro ordaindu zizkion Herriko Etxeak Pour Peña Taurine Cote Basque izeneko elkarteari. Eta, horrez gain, publizitate kanpainak ordaintzen dituzte. Azken bi urteotan bost milioi euro xahutu dituzte zezenketak egiteko. 2007an galera handiak izan ziren, 245.000 eurorenak. Galera dagoelarik Herriko Etxeak estaltzen du zuloa; beraz, gutariko bakoitzak. Eskandalagarria da herritar guztiek ordaintzea gutxiengo batek maite duen ekitaldia, guretzat tortura saioa bertzerik ez dena.
Zezenketaren aldekoek eta Herriko Etxeak tradizioa aipatzen dute, ordea. Zer deritzozue?
Tradizioa aitzakia baino ez da. Hala balitz ere, gehiegikeria bultzatzen duten tradizioak desagertu behar dira tradizio berriei bide egiteko. Alde handia dago hautetsiek ematen dioten sostenguaren eta herritarren iritziaren artean. Baionar gehienak zezenketaren kontra daude, ez alde. Frantzia osoko errealitatea da hori, baina ez dute kontuan hartzen.
Ez da galdeketarik egin. Oinarririk baduzu hori errateko?
Hemen ez, baina Bezier eta Nimesen bai. Zezenketa ugari egiten dira, baina hala ere kontrako iritzia da nagusi. Alta, hautetsi gehienek sostengatzen dute jarrera hori. Zezenketa kentzen ez badute, ez da herriak sostengatzen duelako, hautetsiek nahi dutelako baizik. Tokiko jauntxoek mantentzen dute zezenketa. Gorago so eginik, Frantziako Gobernuan sekula ez da egon hainbat zezenketa zalerik. Zezenketak legez kanpo uztea lortu behar dugu. Zentzuzko gauzak eskatzen ditugu; adibidez, 16 urtez beherako guztiei zezen-plazara sartzea debekatzea. Odola, bortizkeria, krudelkeria eta heriotza da zezenketa. Haurrek ezin dituzte film batzuk ikusi zineman. Zergatik ikus ditzakete haurrek tortura eta heriotza plazetan? Etsigarria da. Zinema saletan zezenketaren aurkako publizitatea pasatu nahi genuen. Film labur bat zen, 25 segundokoa. Baiona Glaineko zazpi zinematan pasatu zen, uztailaren 23tik bestak hasi arte abantzu. Zezenketaren errealitate gordina zein den erakusten du. Arrazoirik gabe, publizitatea kendu duela jakinarazi digu zinemako jabeak. Publizitatea pasatzea onartu zuen eta horrela egin du astebetez.
Zer gertatu da jarrera aldatzeko?
Guretzat, ez dago zalantzarik. Presio handiak jasan ditu, eta zezenketaren aldeko lobby-arenak izan behar dira, hautetsiak barne direlarik.
Gaurko egitaraua
09:00. Txarangak karriketan.10:00. Erraldoien desfilea karriketan.
11:00. Kabalkada izango da karriketan.
12:00. Leon erregearen esnatzea herriko etxean.
13:00. Adinekoentzat bazkaria izango da Caradoc gazteluan.
16:30. Karrikaldi, Jacques Portes plazan. Dantza ikusgarria, Erro Bat konpainiarekin. Kantaldia Begiz Begi taldearekin. Dantzazpi, Baionan Kantuz. Karrikadantza, Burgaintzi txarangarekin
17:30. Behi lasterketak San Andres plazan.
19:00. Poteoak taberna eta peñetan.
22:00. Dantzaldi herrikoiak hirian zehar.