GERIZPEAN. BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA. Maroko, elurraren zuritik itsasoaren urdinera

Bidaiatzeko azken trena. Urriaren 15ean amaituko da Bidaia eta mendi kroniken lehiaketan parte hartzeko epea. Iazkoa Ane Gabiriak irabazi zuen, eta Marokon izan da aurten Mendiak eta Herriak elkartearekin.

ANE GABIRIA
2008ko irailaren 30a
00:00
Entzun


Maroko, elurraren zuritik itsasoaren urdinera



Ane Gabiria

Urrunetik ikusi dugu Taccheddirt. Bi ordu pasatu dira Atlasen murgildu garenetik. Elurrak, hala ere, ez digu nahi bezain arin joaten utzi. Hurreratu ahala herritarrekin egin dugu topo. Mendian behera beraien ardi, ahuntz eta mandoekin etxerako bidean doazen herritarrekin.

Heldu garela konturatu orduko, ume mordoa geneukan inguruan, txokolate eta gozoki eskean. Bakoitzak bere zereginak utzita arineketan etorri dira guregana. Eguzkiak gogortutako azala dute. Sudurpea erreta, zintzilika dituzten mukien eraginez eta masailak gorrituta. Elkarri gauzak esan eta barre egiten digute. Orain nahiko dute guri begiratu eta momentu honetaz disfrutatzearekin. Arduratuko dira gero euren ahuntzez eta bizkarrean daramaten neba txikien malkoez.

Laster ilunduko du, eguzkiak behintzat utzi dio bere lana egiteari eta aterpeko berotasunean sartu gara. Gustura egoten da sutondoan, egunean bizitakoak modu lasaiago batean berriro disfrutatzen.

Muineraino joaten eman dugu goiza. Ez dugu bide osoan begi bistatik kendu, baina 1.200 metroko aldea dago eta pauso horiek guztiak bata bestearen atzetik eman behar dira... haizearen kontra bada ere. Esfortzuaren ordainean itzelezko otordua hartu dugu, aterpeko terrazan, eguzkipean, mendi elurtuen begien aurrean. Bazkalostean berriro martxan jartzeak alferkeria ematen du, baina 3 ordu eta erdiko bide laua dugu aurretik. Herri txikiak ageri dira haranaren bestaldean. Behean, errekan, emakumeak arropak garbitzen ari dira, elkarrekin hitz egiten duten bitartean. Belarretan, ahuntz eta ardi taldeak. Baita artzaina lurrean botata ere, egonean. Haran osoan dagoen lautada bakarra futbol zelai bihurtu dute umeek, eta hor dabiltza hara eta hona golak sartu nahian. Noizean behin, autobus funtzioa betetzen duen kamioneta zahar batekin gurutzatzen gara.

Portua igotzen dugun heinean, herriak desagertuz doaz. Ez dago gauza askorik inguruan jadanik. Zuhaitz bakan batzuk eta ahuntzak, besterik ez.

Ondo berotu dizkigu oinak Imlilera doan pistak. Herri handiagoa da Imlil. Bertan bukatzen da harana zeharkatzen duen errepidea. Baita elektrizitatea ere. Goiko herrietakoek ez daukatenaz gozatzen dute Imliltarrek. Eta oso nabaria da hori, dena parabolikaz josita dago eta. «Hemen ez duzue haurrik ikusiko», esan digu Alik, gure gidak, «denak daude telebista aurrean». Egia da. Ez dugu Taccheddirten bezalako harrera berorik eduki.

Eskolatik bueltan ikusi ditugu umeak, motxilak bizkarrean zintzilik. Begiratu, irribarrea bota eta aurrera jarraitu dute. Gozokirik ere eskatu gabe.

Mando bidetik goazela, bikotea doa gure aurretik. Emakumea tunika urdin turkesaz jantzita. Dotore. Dotoreegi agian bide hauetatik ibiltzeko. Zuekoak oinetan eta Simpsondarren bisera buruan. Gizona ere kaleko arroparik onenekin eta ardia eskutik tiraka.

Erromesbidea da hau. Chamharouch-en antza, azti moduko bat dago, goizeko lauretan, emakumeak menditik jaisten den errekako ur hotzetan sartu eta izpiritu txarrak kentzen ei dizkiena. Haiek uxatzen laguntzeko, honaino heltzen diren bezero aberatsek animalia bat ekarri behar diote petrikiloari, hark hil eta trukean jainkoei eskain diezaien.

Gora jarraitzen du bideak. Beste zatitxo bat ibili ostean, miraria balitz bezala, denda bat aurkitu dugu. Turbanteak, fosilak eta horrelakoak saltzen dituzten postutxoa. Albo batean, baina, laranja zuku egin berria ematen dute. Indarrak hartzeko ederto etorri zaigu, nahiz eta gure tripek, beranduago, kontrakoa esan.

Atseden hartzen genuen bitartean mandoek pasa gaituzte. Gure motxilez eta gu bezalako beste mendigoizale batzuenez lepo. Arnasestuka doaz, gizajoak! Horrela joango ginateke gu ere mandorik ez balego...

Halako batean, eta haien zorionerako, elurrak bidea estali du eta, beraz, ezin dute aurrera egin, labainduko ez badira. Zamaketariek egin beharko dute mandoek orain arte egindako lana. Baina haiek ere aurreratu gaituzte. Aldean guk baino 30 bat kilo gehiago eraman arren. Pausoa arindu dute, heltzen ari garen seinale.

Isiltasuna entzun daiteke aterpe honetan. Mendi elurtuz besarkatuta dagoen aterpe honetan. Inguruan dagoen norbaitek hitz egiten duenean apurtzen da isiltasuna, edo bueltaka dabiltzan zozoak hurbiltzen direnean. Baina, bestela, isiltasuna da nagusi. Isiltasuna eta edertasuna.

Hor dabil gida berberra sakelakoa eskuan, besoa luzatuta, estaldura bila maldan gora. Mutil alemaniarra ere bertan dago, jesarrita, oinutsik, bere baba eta urradurak erakutsiz. Eta ez da asko. Atzo, gizonezko ingeles bat jaitsi behar izan zuten, ohatilan, altueraren gaitzak jota ibiltzeko gai ere ez baitzen. Eta gu ere hemen gaude. Egonean dagoeneko. Eguna alaitzen digun te mentaduna hartzen. Igo beharreko tontorrei so.

Aldapa batek, baina, inoiz ez du erakusten benetan duen gogortasuna. Beti ematen du den baino apur bat errazagoa. Gogorra ematen badu, seinale txarra! Bada, horrelakoa da Toubkal-erako igoera. Gogorra ematen duten horietakoa.

Egunak behintzat eguzkitsu argitu du. Ilargi betea ere gure zain zegoen altxatu garenean. Haizerik ez zebilen eta inguruko edertasunak samindu digu aldapak sortzen zigun nekea. Zenbat eta gorago, orduan eta politagoa da ikuspegia.

Altueraren eragina sentitzen hasi gara: nekea, goragalea, arnasa falta... Baina heldu gara azkenik tontorrera. 4.167 metro dituen tontorrera. Eta han sentitutakoak orain arte pasatutako guztiak ahantzarazi dizkigu.

Zoriontasunak lagundu digu beheranzko pausoak ematen. Gaur, behintzat, poztasunak eta nekeak lagunduko digute altuerak eragiten duen loezinaren kontra egiten.

Lehenengoz igo gara furgonetan sei egunean. Gure hanka nekatuek eskertuko dute. Atzean utzi ditugu Atlasa eta bertako mendi elurtuak. Haranean behera goaz, bihurgunez betetako errepidetik. Eguzkiak gogoz jotzen du, baina gidariaren leihatilatik haize freskoa sartzen da. Bazterretan, lur gorriz egindako etxeak daude. Eta gereziondoak loretan. Urrunean, Toubkal elurtuak agur egiten digu. Mirespenez begiratzen diogu denok furgonetatik. Isilean.

Sudurretik ere sartzen da beroa Taroudant-en. Hala ere, jende asko dabil kalean. Gizonezkoak parkeko zuhaitzek ematen duten itzalpean daude eserita, ondo gustura. Edo herrian barreiatuta dauden Cafeetako terrazatxoetan tea hartzen. Elkarrekin hitz eginez, baina, betiere, aurrera begira, kalera.

Emakumeek, berriz, nahiago dute herriko harresiak ematen duten babesean egon. Ilaran eserita. Ortzadarrak dituen kolore guztietako tunikaz osatutako ilarak dira. Harresiari bizitasuna ematen diotenak.

Buruan dituzten zapiak ere modu ezberdinean daramatzate lotuta. Batzuek aurpegi osoa uzten dute agerian. Beste batzuek, berriz, begiak baino ez dituzte bistan. Badaude ere, gu pasatzean, zapia buru gainetik bota eta aurpegi osoa estaltzen dutenak.

Umeak daude hor inguruan jolasean. «Bonjour!» bihurri eta irribarretsu batez agurtzen gaituzte.

Almohazinak errezorako deia egin du, baina denek jarraitzen dute bere horretan. Denbora geratu egin dela ematen du.

Asko lagundu digu Essaouira-ko haize freskoak Tarouddanten botatako izerdiak ahazten. Kaioak ere pozik dabiltza portu gainetik hegaz, arrantzaleek uzten dituzten hondakinak jaten.

Herri polita da Essaouira. Argia. Zuriz margotuta daude hemen etxeak eta horrek ematen dio argitasuna. Leiho eta ateak, berriz, urdinez. Mediterraneoko herriren batean dagoela pentsa dezake edonork honaino begiak itxita helduz gero.

Harresia ere badu Essaouirak. Itsasoari begira dagoen harresia. Aspaldiko etsaiaren zain dauden kainoi herdoilduak familiek erabiltzen dituzte orain eserleku gisa.

Turista andana dabil bertako kaleetatik. Merkealdiko lehenengo eguna balitz bezala ari dira erosten. Etxeko txoko guztiak hutsik baleuzkate bezala.

Guri, ordea, etxeratzeko ordua heldu zaigu. Agur egiten digute bide bazterrean jolasten ari diren umeek. Agur, bai. Hurrengoan ere bueltatuko gara. Inshala!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.