GERIZPEAN. Jaietako azken txanpa

Gaurko mozorro egunean, jaioterrian joko du Ken7-k, Armiarma Durangaldeko taldearekin batera

ENDIKA URLEZAGA GERNIKA-LUMO
2008ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Gernika-Lumoko (Bizkaia) sanrokeei ez zaie askorik geratzen. Hilaren 14an hasi ziren jaiak ospatzen gernikarrak, eta hiru egunetako festaren ondoren, atzean utzitako bidea aurrera begira dagoena baino luzeagoa da. Izan ere, gaur eta biharko egunak gelditzen dira soilik datorren urteko abuztuaren hamalauan txupina berriz jaurti arte.

Gaurko San Roketxu eguna mozorroei eskainitakoa da, eta herritar gehienek ohiko itxura albora utziko dute, ondo pasatzeko asmotan. Jai eguna Martin Urrutiaren txistulariek hasiko dute, 10:00etan, herriko kaleetan zehar joko duten dianarekin.

Txistularien soinuekin esnatu ostean, 11:00etatik 13:00etara, patinetan egindako laugarren kalejira egongo da. Haritza KT-k antolatuta, Merkurio iturritik irtengo da, eta kalejira bukatzean dantza egingo dute patinak jarrita. Aurreko egunean berandu arte ibili zirenek hobe lotan jarraitzen badute.

Eguerdi aldea eta arratsalde hasiera, berriz, umeentzako momentuak izango dira. 12:00etan apar jaialdia hasiko da, Foru Plazan jarritako umeen txokoan. Jarraian, ordubete geroago, Pasealekuan, Merkatu Plazan eta San Juan Ibarran, buruhandiak ibiliko dira, ausartzen diren haurrentzat. Arratsaldean, aldiz, ume eta familientzako mozorro desfileak hartuko du Merkurio ingurua. Parte hartu nahi dutenek lehenago izena eman beharko dute, eta bukatu ostean, hiru kategorietako sariak banatuko dira.

Gautxoriak kalera irteteko indarrak berreskuratu eta habia uzten hasten direnean, Merkurio iturri inguruan asto lasterketa martxan jarriko da. 19:30ean, turismo bulegotik Arrien tabernaraino barre egiteko aukera aparta egongo da. Arrano kultur elkarteak antolatutako lasterketara mozorroturik joanez gero, gainera, dietetarako diru gehiago emango dute antolatzaileek.

Lasterketa bukatu eta segituan, Kataburu batukada taldeak burrunbada zabalduko du erdiko kaleetan. Iluntze aldea berotu ostean, Hortzmuga taldeak kale antzerkiko ikuskizuna egingo du. Artekalen hasita, 12K antzezlana jendearen aurrean antzeztuko dute, 21:00etan.

Gauean, eguna ondo bukatzeko eta parrandazaleak beren egitekoekin utzi baino lehen, kontzertuak izango dira Pasealekuko taula gainean. Bertan, Armiarma eta Ken7 taldeak arituko dira; lehenengoak beren musika hedatzen saiatuko dira, eta bigarrenek, aldiz, azken disko arrakastatsua aurkeztuko dute jaioterrian. Ondoren, dantza pixka bat egin nahi dutenek Tximeleta taldearen erromeria edukiko dute, gorputza mugitu ahal izateko.

Hamarretan hasitako festa eguna gantzontzillo eta kulero lasterketarekin amaituko da. Lo egin aurretik ariketa apur bat egin gura duenak 04:00etan Merkurio iturrian egon beharko du.

Aipatzekoa da, era berean, egun honetan Euskotrenek tren bereziak jarriko dituela Gernikara joateko.

San Roketxutxu

Abuztuaren hemezortzia San Roketxutxu izango da, Gernikako jaien azken eguna. Orain bai, jaiek agur esango dute egitaraua amaitzen denean. Egun horretako protagonista handiak zaldiak eta Anje Duhalde izango dira.

Egunero bezala, astelehenari Martin Urrutiaren txistulariek emango diote hasiera. Horiekin batera, 10:00etan, zaldi txangoaz gozatu ahal izango dute zaldia dutenek behintzat. Gernika- Lumo ingurutik ibiladia antolatu du Arrano kultur elkarteak, eta ondoren lagunarteko bazkaria egingo da, 14:30ean, txangoan parte hartu dutenentzat.

Arratsaldean, aldiz, zahar eta gazteek izango dute protagonismoa. 17:00etan, erretiratuen jaialdiari ekingo zaio, Pasealekuan. Briska txapelketaren finalarekin, txokolatadarekin eta trikitiarekin ondo pasatzeko modua edukiko dute.

Bost eta erdietan, buruhandiek umeen artean kaosa sortu eta gero, Merkatu Plazan umeen txokoa jarriko dute, puzgarri eta jolasekin. Ordu berean, Foru Plazan, gazteen txokoa egongo da, tailer eta jokoekin. 19:30ean gauzak batuko dituzte, eta jaiak amaitzeko gero eta gutxiago geratuko da.

Haur eta gazteak jolasean dabiltzan bitartean, 18:00etan, zaleen arteko zaldi lasterketa antolatu dute Santa Luzia auzoan. Lasterketaz gain, hipikako saltoak ikusteko aukera, western ikuskizuna eta zaldi gaineko abilidade probak egingo dira.

Ordu erdi geroago, euskal kirolaz gozatzen dutenek herri kirolak jarraitzeko aukera polita dute pasealekuan. Bertan, aizkolariak eta harri-jasotzaileak arituko dira lanean. Txapeldunen Ligaren barruan, Floren Nazabal oraingo txapelduna, Donato Larretxea eta Xabier Orbegozo Arriak aizkorak dantzan jarriko dituzte. Harri-jasotzaileen artean, berriz, Perurena aita-semeak, Inar Urruzuno eta Zelai-Luze ibiliko dira harriekin lehian.

Industria kalean zaldi probak egongo dira berriz, 20:30ean. Markina aldeko hiru zaldi jardungo dira ea nork iltze gehiago egin. Partaideak Motroilo elkartea, Usterri taberna eta Belaustegi izango dira iluntze aldeko lehia horretan.

Gau erdia baino bi ordu lehenago, 22:00etan, jaietako azken kontzertua eskainiko dute Pasealekuan. Oraingo honetan Sabotaia eta Anje Duhalde arituko dira agertokian.

Lehena jende aurrera irteten Sabotaia herriko taldea izango da. Anje Duhalde baino lehen, doinu gogorrak joko dituzte. Ondoren, Lapurdio kantariak kantu berri eta zaharrak joko ditu bertara biltzen diren guztientzat. Kontzertuak bukatu ostean, jaiek agur esango dute. Gauerdian puntuan, amaierako txupina jaurtiko dute, eta jaiak ofizialki amaituko dira. Lagun eta senideak agurtu ondoren, etxera joateko ordua izango da. Ausartenak soilik geldituko dira azken parranda egiteko asmo-tan.



Egitaraua

GAUR

10:00etan. Diana Martin Urrutiaren txistulariekin.

10:30ean. Ume eta gazteentzako txinbera lehiaketa, ehiza eta arrantza elkartearen eskutik.

11:00etan. IV. kalejira patinetan. Izena emateko, Merkurio iturrian.

12:00etan. Apar jaialdia umeentzat, Foru Plazan.

13:00etan. Buruhandien konpartsa Gernikako kaleetan ibiliko da.

19:30ean. Asto lasterketa egongo da, Merkurio iturri inguruan. Mozorrotuta joanez gero, dietetarako diru gehiago emango dute.

20:00tik-23:00ra. Samasiku fanfarreak herriko kaleak alaituko ditu.

20:00etan. Kataburu batukada taldeak ikuskizuna eskainiko du kalean.

21:00etan. Kale antzerkia ikusteko aukera egongo da, Hortzmuga taldearen 12k antzezlanarekin.

22:00etan. Umeen mozorroen desfileko sari banaketa egingo da, San Juan Ibarran.

22:30ean. Kontzertuak Pasealekuan: Ken7 eta Armiarma taldeak arituko dira taula gainean. Ondoren, berbena, Tximeleta taldearekin.

04:00etan. Mozorro eguneko gantzontzillo eta kulero lasterketa hasiko da, Merkurio iturrian inguruan.

BIHAR

10:00etan. Diana, Martin Urrutiaren txistulariekin.

10:00etan. Zaldi txangoa Gernika inguruan osteratxoa egiteko. Ondoren, lagunarteko bazkaria egongo da parte-hartzaileentzat.

11:30ean. Galeper tiraketa, Traman Ehiza eta Arrantza Elkartearen eskutik.

12:00etan. Apar jaialdia umeentzat, haurren txokoan..

12:30ean. Zaldi probak Industria kalean, 800 kiloko harriarekin eta 200eko gainkargarekin.

17:00etan. Erretiratuen jaialdia Pasealekuan, txokolatada, trikiti eta briska txapelketarekin.

17:30ean. Gazte eta umeentzako txokoa, Foru eta Merkatu Plazan.

18:00etan. Zaleen arteko zaldi lasterketa antolatu dute, Santa Luzia auzoan.

18:30ean. Herri kirolak, aizkolari eta harri-jasotzaileekin. Nazabal, Larretxea eta Arria arituko dira aizkoran.

20:30ean. Zaldi probak Industria kalean, eta zaldi lasterketaren sari banaketa. Motroilo elkartea (Munitibar), Usterri taberna (Markina) eta Belaustegi (Markina)

22:00etan. Musika jaialdia Pasealekuan, Sabotaia eta Anje Duhalde Lapurdiko kantariarekin.

00:00etan. Amaierako txupina jaurtiko da, jaiei bukaera emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.