Badira lilura pizten duten arbolak. Hainbat zibilizazio eta kulturak gurtu dituzte zuhaitzak, edo haien itzalpean egin dituzte beraien erritualak, eta Euskal Herrian ere hala egin da. Antzinatasuna, bakantasuna, edertasuna, sinbolismoa, historia, neurria... Asko izan daitezke erakargarritasun hori esplikatzeko arrazoiak, zuhaitzak beste. Agian, ez dago arrazoirik esplikatzeko. Edo, agian, ez da behar esplikaziorik.
Euskal Herrian badaude erakundeetatik babes berezia duten hainbat zuhaitz: arteak, artelatzak, erkametzak, ezkiak, haginak, haritzak, intxaurrondoak, ipuruak, izeiak, magnolioak, masustondoak, pagoak, pinuak, sahatsak, sekuoiak, zedroak, zumarrak... Ondorengo lerroetan batzuk soilik aipatuko dira; ez dira handienak, ez zaharrenak ezta ederrenak ere, baina handiak dira, edo zaharrak, edo ederrak. Badira izendapen ofizialik ez dutenak ere. Liluragarriak guztiak.
Arteak
Mediterraneoar eremua du gogokoen zuhaitz honek, hots, eguzkia eta lur lehor samarra. Baina Kantauri isurialdean ere egon badira artadiak, beste garai batzuetako klimaren aztarna moduan. Euskalnatura.net-en irakur daitekeen bezala, azken glaziazioan dago Kantauriko isurialdean oraindik arteak izatearen arrazoia.
Kuaternarioan klima ezberdinetako hainbat aldi izan ziren, eta horietako batean, xerotermikoan, klima gaur egungoa baino lehorragoa eta epelagoa izan zen. Orduan Ebro arroko landarediak Euskal Herriko bi isurialdeak bereizten dituzten mendiak igaro zituen eta kostalde guztira hedatu. Klima aldatu eta ingurua hotzagoa eta hezeagoa bilakatu zen gero, eta arteak eta horrelako zuhaitzek, atzera egin zuten, batez ere inguru harritsuetara.
Eta txoko horietan iraun dute, gizakiak neurri handi batean bakean utzi dituelako toki horiek. Baina egur gogorreko zuhaitz horri erabilerarik topatu zion gizakiak, besteak beste, bero handia sortzen duelako. Ikatza egiteko. Horrek azaltzen du hainbat arteren egungo forma eta moztasuna. Ikatzetarako zuhaitzaren adarrak behetik mozten zituzten eta ondoren denbora eman pixka bat hazi ahal izateko.
Garai. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Garaiko arteari. Belaunaldiz belaunaldi beheko adarrak sistematikoki moztu zizkioten ganaduari jaten emateko. Eta horrgatik dauka daukan forma. Guztira 8, 5 metroko garaiera du, baina enborra ez da metrora iristen (0,8 m). Eta adaburuaren diametroak 20 metro ditu! Arteen ezaugarria da izan ohi da enbor lodia, eta Durangaldeko horren enborrak 5,7 metroko perimetroa du, (1,3 metroko altueran). Garai herritik Goiurira bidean dago zuhaitza, Santa Katalina ermitatik gertu.
Muxika. Urkietako artea oraindik zabalagoa da, adaburuaren diametroa 26 metrokoa baitu. Garaixeagoa da, hori bai, 12 metro baititu guztira. Enborrak metro eta erdiko luzera du eta 4,3 metroko perimetroa (1,3 metroko altueran). Haren estalpea baliatu izan dute eta baliatzen dute gaur egun ere ganadua eta baserriko tresnak gordetzeko. Busturialdean dago Urkietako artea, Muxika herrian, San Roman auzoa igaro eta gora.
Donostia. Bada Donostian gizakiaren eskua gertutik nabaritu duen beste arte bat. Modu ezberdinean, hala ere. Ez da hainbeste urte Berio auzoak landa zabala izateari utzi ziola. 90eko hamarkadan etxebizitzak egin zirenean arte eder hori errespetatzea erabaki zuten, eta ingurunean biribilgunea egin zioten. Zuhaitz garaia da, guztira 23 metro baititu. Adaburuaren diametroa 22 metrokoa da eta enborrak 4,65 metroko perimetroa du. Garabi batek kolpea eman omen zion eta adar lodi bat hautsi, horregatik ez du simetria.
Eraulgo artea. Ugari dira Euskal Herrian bere historiarengatik, adinarengatik, neurriarengatik edo formarengatik aipagarriak diren arteak, Artziniegan, Aizarnazabalen, Corellan...Eraulgoari egingo diogu bisita: 500 urte baino gehiago omen ditu Deierriko (Lizarrako merindadea) zuhaitz horrek. Monumentu natural izendatuta dauka Nafarroako Gobernuak. Tximista batek jo omen zuen, eta horregatik du duen forma. Batek daki arrazoia, baina arte ikusgarri horren enborraren forma bitxia da, ikusgarria. 11 metroko garaiera du eta adaburuak 16 metroko diametroa hartzen du. Ikusi nahi duenak Erauldik Abartzuzarako bidean topatuko du, errepide ondoan.
Haritzak
Zer esan haritzek Euskal Herriko sinbologian izan duten garrantziaz; Gernikako Arbola dugu horren erakusgarri. Arteak eta artadiek eurentzat hartutako txokoetan ezik, haritza eta pagoa izan ziren mendeetan mendietako nagusi, batez ere Kantauriko isurialdean. Euskalnatura.net aintzat hartuta, Euskal Herriko baso gehienak hariztiak ziren gizakiaren eskutik intsinis pinuak eta larrerako zelaiek lurra kendu zieten arte. Orain, batez ere babestutako guneetan ikus daitezke.
Ondategiko haritza. Haritz aipagarriak Gernikakoaz gain, batzuen batzuk badira Euskal Herrian. Nafarroako monumentu natural izendatutakoen artean, esaterako, Jauntsarasko bi haritz daude (Basaburua, Iruñeko merindadea); Eltzaburuko bat (Ultzama, Iruñeko merindadea) eta Garaioako beste bat. Jaurlaritzak zuhaitz apartak modura bi haritz ditu izendatuta. Bat Donostiako Igara auzoan dago. Bestea Zigoitian dago, Ondategitik hurbil, Sarragoako zelaian. Neurriz ikusgarria da, 20 metroko garaiera eta 30 metroko diametroko adaburuarekin. Enborraren perimetroak ia bost metro hartzen ditu. Gerra aurretik, Sarragoako haritzaren estalpean erromeria egiten zuten San Lorentzo egunez.
Heleta eta Mitikilen. Ez daukate inolako izendapen ofizialik. Bi haritz hauek ia ezezagunak dira, eta bi altxor euren edertasunarengatik: Baxenabarren, Heletatik Armendaritzerako bidean topatu zuen altxorra Jakes Cazaubonek, eta aurkikuntza irakurlearekin partekatzeko adeitasuna izan du. Iparraldeko haritzik ederrena, haren esanetan, Garra etxaldeko lurretan dago. Noizbait izango zuen zerbait berezirik norbaitentzat, ehunka urtean zaindua izan baita. Allande Sokarrosek aurkeztu digu beste altxor bat: argazkietako batean ikus daitekeen enbor ikusgarriko haritza Larrori auzoan, Mitikile herrian (Zuberoa) dago, hots, Matalasen jaioterrian.
Sekuoiak
Bertakoak ez baina ederki bertakotuak dira eta batzuen batzuk badaude Euskal Herrian. Sekuoia erraldoiak dira, hainbat lorategitan landatuak eta neurri egiaz ikusgarriak izatera iritsi direnak. Gasteizen dago Jaurlaritzak zuhaitz apartatzat izendatutako sekuoia bat. 40 metroko luzerarekin inguruan dituen etxebizitzen gainetik ikus daiteke, Madalena kaleko txoko batean. 1860an landatu omen zuen Juan Ibarrondok, bi urte lehenago Bruselako erakusketa unibertsalean erosi ondoren. Enborraren perimetroa 8,05 metrokoa da.
GERIZPEAN. Liluraren gerizpean
Hondamendi eta sarraski guztien gainetik gurtzeko, errespetatzeko eta zaintzeko moduko zuhaitzak bazeudela uste izan zuten gure arbasoek, eta horren erakusgarri honako ondare ikusgarri hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu