Gizakiaren lagunik onena omen da txakurra. Laguna lanean, laguna bakardadearen aurka, eta baita gaixotasunean ere. Hala izan dadin saiatzen dira Sakanako Mendilur Elkarteko kideak, animaliekin egokitutako terapia (AET) izenekoa landuz. Animaliekin egiten diren esku-hartze terapeutikoak dira AET deitzen direnak, eta animaliaren eta gizakiaren lotura baliatuz gizakien osasun eta ongizatean eragitea dute helburu. Ez da medikuntza tradizionalaren alternatiba, osagaia baizik. Hainbat animaliarekin egiten dira saio horiek, eta txakurrak erabiltzen dituzte Mendilurrekoek.
Aurten sortu dira elkarte gisa, baina lehenagotik ere bazuten esperientzia. Alejandro Ibarra txakur hezitzailea da elkarteko kideetako bat, eta lehenago ere jendea lagundu bazuen ere, eskariak gora egin, eta horregatik erabaki zuten elkarte gisa antolatzea. Sei kide dira taldean. «Sakana inguruko sei pertsona gara, sei, izena ematen dugunak, baina askoz ere gehiago dira izenik eman gabe laguntzen gaituztenak».
Urte mordoa darama Ibarrak lanerako txakurrak hezten, eta oinarrizko obedientzia ikastaroak eskaintzen, eta duela hiru urte hasi zen AETak lantzen. Haur autistekin, jende depresiodunekin, down sindromedun jendearekin eta kimioterapia tratamentuan dauden pertsonekin ere egin ditu saioak. Kasuz kasu, ezberdina izaten da terapia. «Depresioari aurre egiteko, adibidez, txakurrak erabitzen erakusten diegu, indarra hartzen dute haiek ere egin dezaketela ikusten dutenean». Dioenez, gainera, emaitza onak biltzen ari dira, eta pozik agertzen da jendea bilakaerarekin. Tratamendu guztiek, gainera, elkarteko kide Marta Torres psikologoaren laguntzaz garatzen dira. Terapiak ez ezik, bestelako laguntza ere eskaintzen dute. Txakur bat eman diote orain gutxi Gasteizko haur itsu bati. «Bidegurutzetan nola jokatu jakiteko, sokari kasu egiteko, igogailuan ibiltzen jakiteko eta objektuak hartzeko hezi dugu. Haurrak egin ohi duen ibilbide berean hezi dugu txakurra kasu honetan». Kasuz kasuko beharren arabera aukeratu eta hezten dituzte txakurrak. «Oinarrizko heziketa jasotzen dute txakur guztiek, hasiera batean, baina gero, tratatu nahi denaren arabera, edo izango duten funtzioaren arabera, hezten ditugu».
Hamar txakur dituzte, baina haietako bi dira terapietan erabiltzen dituztenak, baina badaude antzarekin lan egiteko hezitako txakurrak ere, ume autistekin aritzen dira. «Antzarekin ibiltzen ditugu txakurrak, eta haurrek txakurra non dagoen adierazi behar dute beren gorputz atalekin, txakurra eskuinean, ezkerrean, atzean edo aurrean dagoen. Beren gorputzarekin hitz egitera animatzen ditugu. Gero, txakurkume batzuk ere askatzen ditugu, haurrek laztan ditzaten, eta haiekin harremanetan jar daitezen. Txakur sokadunekin ere egiten dugu lan, eskumuturrean mina duen haur bat laguntzeko, indarra hartzen joan dadin».
Badaude halako terapiak garatzen dituzten beste guneak ere, baina, maiz, garestiak izaten dira. Ez da Mendilurren kasua, Ibarrak azaldu duenez, doakoak baitira haiek antolatzen dituzten saioak. Boluntarioak dira kide guztiak, eta astean behin antolatzen dituzte saioak. «Hainbat enpresaren diru laguntza jasotzen dugu horretarako».
Udaletxeen eta inguruko enpresen laguntzez gainera, partikularrek ere lagun dezakete dirua Euskadiko Kutxako kontu ireki batean sartuz. www.mendilur.org webgunean aurki daiteke kontuaren zenbakia eta elkarteari buruzko informazio gehiago.
Ez dira txakurrak halako terapietan erabiltzen diren animalia bakarrak. Zaldiak ere erabiltzen dituzte hainbat elkartek. «Zaldiekin lan egiten duen Asturiasko (Espainia) zentro batekin harremanetan gaude, noizean behin elkarlanean aritzeko».
Oraingoz txakurrekin bakarrik egiten dute lan Mendilurrekoek, baina elkarteko kide bat zaldiak hezten ikasten hasi da, eta etorkizunean zaldiak erabiltzea dute helburu.
GERIZPEAN. Txakurra, eritasunean lagun
Txakurren eta gizakien arteko lotura baliatzen dute Sakanako Mendilur elkartekoek gizakien osasunean eragiteko eta gaixoei gaitza gainditzen laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu