'Gernika' eta beste adibide batzuk

Euskal Herriko artea ere erori da arte lapurren atzaparretan; dena den, ia obra denak berreskuratu dituzte

Adrian Garcia.
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ere izan dira arte lapurretak; euskal artearekin edo historiarekin zerikusia duten lanak dira ostutakoak. Gernikaren kasuan, lapurreta bainoago, bidegabekeria esatea zuzenagoa izan daiteke, lapurreta baten ondorio berberak dituen arren: artelana ez dago dagokion tokian.

Aralarko Done Mikelen santutegia

Uharte Arakilen dago, Nafarroan, Aralarko Done Mikelen santutegia. XII. mendeko erretaula da santutegiko altxor preziatuena. Urre koloreko kobrezko pieza bat da, esmaltatua. Harribitxiz apainduriko 39 esmaltezko pieza txiki eta medailoi ditu. Santuen irudiek osatzen dute erretaula. Erdi Aroko esmaltezko eskulangintzan eredugarria da lana.

1979ko urriaren bukaeran, Belgikako Erik deituriko nazioarteko arte trafikatzaile baten aginduetara zegoen lapur talde batek ostu zituen esmaltezko pieza txikiak eta medailoiak. Tenpluko aitorlekuan ezkutatu ziren, arratsaldean, eta gauean, erretaula babesten zuen kristalezko kutxa apurtu, eta banan-banan pieza guztiak lapurtu zituzten. Nafarroako Gobernuak lapurtutako piezen zerrenda egin eta berehala igorri zituen datuak Interpolera.

1981. eta 1986. urteen artean polizia ikerketek fruituak eman, eta esmaltezko pieza ia guztiak berreskuratu zituzten, hainbat polizia operaziotan.

Berreskuratutako piezekin erretaula osatu ostean, 1991n bueltatu zuten Aralarko santutegira. Erretaulako hutsuneak artelanak 1980ko hamarkadan pairatutako gorabeheren adierazgarri dira. Bi medailoi eta urrezko arkuteriako sei pieza txiki falta dira oraindik.

33 euroren truke saldutako artelana

Arte lapurretarako gutxieneko ezagutza izan behar dela frogatzen du Getafen (Espainia) industrialde batean lapurtutako artelanen auziak. 28 artelan ostu zituzten 2010eko azaroaren 27an; tartean, Eduardo Txillida eta Pablo Picassoren lanak. Artelanek orotara merkatuan bost milioi euro inguruko balioa dutela kalkulatzen dute. Txillidaren Topos IV pieza zen lapurtutako artelanen artean garestiena. 800.000 eurotan zegoen aseguratua.

Lapurreta egin eta hilabetera txatar biltzaile bati 33 euroren truke saldutako pieza bat atzeman zuen Poliziak. Pieza horren arrastoari jarraituz berreskuratu zituzten gainontzeko artelanak. Poliziak baztertu egin zuen lapurreta enkarguz egin zutelako teoria, eta litekeena da lapurrak ez jabetzea ostutako artelanen garrantziaz. Ez zuten inor atxilotu.

'Gernika'

Ezin esan daiteke Gernika Pablo Picasso Malagako artistak margoturiko koadroa Madrilgo Reina Sofian egotea lapurreta bat denik, ez behintzat lapurreta hitzaren zentzu hertsian. Bidegabekeria hitza erabiltzen dute askok. Koadroa gernikarrek pairatutako basakeriaren salaketa eta oroigarria den heinean, gordetzeko leku aproposena herri bizkaitarra dela dio sen onak. Are gehiago bonbardaketaren testuinguru historikoa ezagututa. Francoren armadako agintariek agindu zuten Gernika merkatu egunean bonbardatzea; Kondor Legioak egin zuen lan zikina. Alemaniako Errepublika Federaleko presidente Roman Herzogek barkamena eskatu zion Gernikako herriari 1997an. Espainiak ez die sekula eskatu barkamena gernikarrei sortutako sufrimenduagatik, eta, gainera, haien sufrimenduari omenaldia egiten dion koadroaren jabetza lortu, eta ez du margolana itzultzeko asmorik erakutsi.

Koadroa Euskal Herrian egon zitekeen gaur egun, baldin eta erbesteratutako EAJk hala nahi izan balu. Izan ere, Picassok Agirre lehendakariari eskaini zion margolana lehen-lehenik. «Nahi baduzue, koadroa euskaldunentzat izango da», esan zien Picassok euskal agintariei. Agirrek, ordea, garai hartako beste agintari jeltzale batzuek bezala, koadroa gutxietsi eta errefusatu egin zuen, «dena kakazteko obra pornografikoa» zelakoan. Dirudienez, orduko Eusko Jaurlaritzak, Gernikan jazotakoa salatzeko, nahiago zuen euskal pintore bat izatea margolanaren egilea.

Picassok koadroa New Yorkeko museoan uztea erabaki zuen, Espainiako Errepublika indarrean jarri artean. Errepublika berrezarri ez zen arren, 1979an hasi zen orduko Espainiako Gobernua koadroa Madrilera eramateko diplomazia lanak egiten. Bestalde, Gernika Gernikara izeneko kultur batzordea osatu zen Euskal Herrian. 1981eko urriaren 23an inauguratu zuten margoaren erakusketa Madrilgo Prado museoan. Handik Reina Sofiara eraman zuten, eta ordutik han daukate eskegita. Hamaika eskakizun egin da Euskal Herritik koadroa berreskuratzeko, eta denek jaso dute ezezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.