Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Gero eta gehiago gara

Xabier Lasa.
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Cada día somos más. Betiko lelo horri eutsi diote oraingoan ere autopromoetan REn, Felix Linaresen ahotsez beti bezala. Hori da, hori, trebezia errealitatea norberaren interesera manipulatzeko… Izan ere, REk ehun mila entzuletik gora galdu ditu bi urtean, EGMren datuei kasu eginez gero. Kontrol politikoa begi bistakoa da Joseba Arruti zuzendari duen REn, eta entzuleak hori sumatzen du egunez egun. Nora ote doazen milaka entzule horiek? Batzuk Onda Vascara, EAJren inguruko ahotsak gehiago aditu nahian (hirutik biko proportzioan, esaterako, Javier Vizcainoren tertulian); Ser katera beste batzuk, fotokopia sozialista baino originala nahiago dutelako; zenbait elebidun EIra, hau sentiberagoa delako Euskal Herri askotarikoa islatzerakoan…

Boulevard, déjà vu. REn dagoen magazin nagusi eta politikoenak azken bi urtetako koherentziari eutsi dio; elkarrizketa luzearen tartean betiko emaitzak erakutsi dizkigu (des)proportzio politikoari dagokionez: Patxi Lazkoz (PSEko alkatea) astelehenean, Markel Olano (EAJko diputatu nagusia) asteartean, Rodolfo Ares (PSEko barne sailburua) asteazkenean, Manuel Pimentel (PSOEko ministro ohia) ostegunean, eta Mikel Arana (EB) ostiralean. Goizero hirunaka datozkigun tertulianoen joera politikoek ere beste hainbeste adierazi digute: 6 (PSE) , 3 (PP), 4 (EAJ), 1 (EA)… eta Mariano Ferrer.



Urtxuegia kasua. Informazio iturri gisa soilik REko albistegiak dauzkan entzuleak aste honetan jakin ahal izan du, izatez, badela Ana Urtxuegia afera. Albistegi horien izenburuek argi utzi dute zer nahi zen azpimarratu: Gipuzkoako entzutegiak artxibatu egin duela EB alderdiak Urtxuegiaren aurkako salaketa.

Ay, Macarena. Alvaro Reizabalek Arratsekoa saioa hartu zuen eredutzat Gara egunkarian herenegun, EITBn euskal nortasuna gutxiesten eta espainiarra goratzen dela salatzeko. Arrazoi du EITBk asimilazio prozesuan hartu duen zereginari dagokionez; erratu egin du formetan, ordea. Egia da Ay Macarena-ren anitz bertsio aditu genituela lehengo ostegunean EIn; baina aldi berean, Xabier Erkizia soinu ikertzailearen edo Arantxa Iturberen ibilbideei jarraitu dienak, ondo ezagutu behar luke horien euskal kulturarekiko konpromisoa. Inora bai, eta REko zenbait saio eta esatariri bidali beharko lieke kritikaren gezia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.