Joxemari Azurmendi. Itzultzailea

«Gerora konturatu naiz Tintin erreferentzia bilakatu dela»

xabier martin
Donostia
2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Joxantonio Ormazabalen proposamena jaso, eta Elkarrentzat Tintinen komikiak itzultzen hasi zen 1985ean Joxemari Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1953).

Gaur egun ere Tintinen abenturak irakurtzen jarraitzen dute gazteek. Nola hasi zinen haiek euskaratzen?

Joxantonio Ormazabalen bidez. Hark proposatu zidan komiki batekin hasteko; nire aurretik, beste hiruzpalau eginak zeuden. Serio hasi nintzen, eta konturatu gabe sorta ederra egin zuen. Azkenean hemezortzi bat izan ziren.

Itzultzen hasi aurretik ezagutzen al zenuen pertsonaia?

Mutikotatik ezagutzen nuen; telebistan edo zineman ikusita igual. Gustukoa nuen, baina ez nuen komikiarekin kontaktu handirik ere.

Konturatu al zinen gerora ere garrantzi handia izango zuela euskaraz irakurtzen dutenentzat?

Egia esateko, ez. Gero konturatu naiz Tintin eta Asterix bera ere oinarrizkoak izan direla eskoletan. Erreferentzia bilakatu dira. Hizkuntza aldetik ere ez dakit ez ote diren erreferentzia. Alegia, baliagarriak izan dira euskaraz ikasten ari direnek aurrerapausoak eman ditzaten.

Zein tresnarekin aritu ziren itzulpen horietan?

Baten irainak eta bestearen bitxikeriak, hitz jokoak... baziren gauza xelebre asko. Euskaraz antzekoak zein izan zitezkeen pentsatzen nuen, eta, bestetik, nire etxean, baserrian, ze esamolde erabiltzen ziren hartu nuen kontuan. Dena den, gero Ormazabalek orrazten zituen itzulpenak, eta haren ukitua sumatzen da, trebea baitzen oso. Elkarrizketa bizi asko dago Tintinen, eta hori euskal mundukoa da oso. Euskaraz bakarrik dakiten bi lagunek nola esango luketen hura pentsatzen nuen nik, eta hortik abiatzen nintzen.

Lan originaletatik itzuli zenuen?

Gaztelaniatik eta frantsesetik, bietatik. Gaztelaniazkoak baliatzen nituen, baina originalekin kontrastatuz.

Seme-alabek irakurtzen al dituzte aitak itzulitako Tintinak?

Behin eta berriro, eta altxor baten moduan gordetzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.