Gustura daude igandeko festarekin EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartean. Antolaketan Zarauzko eta inguruko herrietako hezkuntza komunitateak izandako inplikazioa nabarmendu du Lurdes Imazek.
Zer moduzkoa izan zen igandeko festa?
Eguna bera ongi joan zen, baina bada nabarmendu nahiko nukeen zerbait: festa prestatzeko Zarauzko eta inguruko herrietako eskolek ikasturte osoan izandako parte hartze handia. Eskola publikoaren aldeko jaia gurasoen elkarteak antolatzen dugu, baina ezinbestekoa zaigu tokian tokiko komunitateak parte hartzea, eta aurtengoa ikaragarria izan da. Lan horren guztiaren emaitza izan zen igandekoa. Eskolako hezkuntza komunitate osoa bildu ginen Zarautzen: gurasoak, ikasleak, irakasleak...
Eguraldiak baldintzatu al zuen eguna?
Iragarpenak ikusita, bagenuen beldurra, baina goiza bide onetik joan zen. Eguerdi aldera euria egin zuen, eta tarte horretan Zarauzko malekoian dauden aterpeetan babestu zen jendea. Arratsalderako jaso egin zuen, eta giro polita geratu zen.
Bale! Bizi garen seinale izan da leloa, eta balea bat irudia. Aspaldian balearik ez dabil kostaldean...
Zarauzko Orokieta eskolaren irudia da balea, eta horretan oinarritu ziren leloa erabakitzeko. Euskal Herrian egon diren balea mota guztiak atera ditugu guk gure irudian, eskola publikoa eskola irekia dela eta guztiontzako eskola dela irudikatzeko.
Zer osasun du?
Eskola publikoa hobetzeko lanean ari gara, eta aurten datozen urteetarako erronkak biltzen dituen dokumentu bat prestatu dugu.
Zeintzuk dituzue erronka horiek?
Maiatzean aurkeztu genuen Euskal Eskola Publikoa, haratago dokumentua. Eragile askoren artean prestatu genuen: gurasoak, zuzendaritzak, irakasleak... Hamar atal ditu dokumentuak, eta atal bakoitzak gai bat lantzen du, eta atal bakoitzari dagozkion erronkak zehazten ditu: teknologia berriak, elkarbizitza, familien parte hartzea, zuzendaritzak... Dokumentua amaitu nahi dugu udarako, eta datorren ikasturtetik aurrera hasi atal bakoitza lantzen. Horregatik diot etorkizunari eta erronkei begira ari garela.
Murrizketarik ez dela egongo berretsi zuen igandean Isabel Zelaak. Zer garrantzi ematen diezue hark esandakoei?
Madrildik ezarri nahi dituzten murrizketen inguruan ari zen Zelaa; ikasle ratioa igotzeaz, irakasleen orduak gehitzeaz... Neurri horiek ez dituztela aplikatuko dio. Ikastetxe bakoitza orain ari da hurrengo ikasturteari begira beharko dituen baliabideak zehazten, eta badirudi murrizketak oraingoz ez dituztela aplikatuko.
Kezkarik ba al duzue?
Eguneroko eskolari dagokion murrizketarik ez dago oraingoz, baina beste alor batzuetan badira: datorren urtean jantokien prezioa asko igoko da, DBHko hirugarren mailako ikasliburuak ez dira iritsiko, guraso elkarteei laguntzak jaitsiko dizkigute... Geroz eta baliabide gutxiagorekin lan egin behar dugu hezkuntza publiko baten alde, eta kezka badugu, bai. Dena dela, hezkuntzan murrizketak daudenean denontzat izaten dira, ez eskola publikoarentzat bakarrik.
Hiru eleko hezkuntza hasi da aplikatzen Hezkuntza Saila. Nola ari da funtzionatzen?
Esperimentazio bat egiten ari da Hezkuntza Saila. Gaur egungo ereduen sistemak ez du funtzionatzen, legeak dioena ez duelako betetzen; ikasleak elebiduna izan behar du derrigorrezko hezkuntza bukatzerakoan, eta eredu sistemak ez du hori bermatzen. Eredu sistema aldatu behar dela garbi daukagu. Zenbait proiektu egin dira ikastetxeetan, eta Hezkuntza Saila hiru eleko hezkuntza esperimentatzen ari da, eta ikusiko dugu zer emaitza duen. Baina zaila da ikastetxe guztietan eredu bat eta bakarra aplikatzea, bakoitzak bere errealitatea duelako eta, ondorioz, bere proiektua behar duelako.
Arabari dagokio 2013. urteko festa antolatzea. Erabaki al duzue non egin?
Arabako gurasoen elkarteak antolatzeko konpromisoa hartu du, baina oraindik ez dugu zehaztu herria. Aukerak aztertzen ari dira, eta ikasturte berria hasten dugunerako jakinarazteko modua izan nahi genuke.
Lurdes Imaz. EHIGEko koordinatzailea
«Geroz eta baliabide gutxiago dugu lanerako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu