Maratila

Gertatzen dira

Ane Muñoz.
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Beti entzun diegu gure zaharrei euren zaharrek ze garai latzak bizi zituzten gaztetan, eta haien gurasoek ere bizitza zaila izan zutela orduko gerra eta ondorengo urte gogorretan. Deus gabe geratu ziren hainbeste eta hainbeste. Beldurrez bizi, senide lagun eta ezagunak galdu, pobrezia itzela, min eta atsekabea nonahi. Lehen Mundu Gerra, Bigarrena… Urte zail eta ilunak. Haien seme-alabei berriz, orain aiton-amonak direnak, Francoren diktadurapean pasa zutela gaztaroa entzun diegu, eta zenbat kalte eta min egin zuten gizon hark eta erregimen osoak. Oraingo gazte askorentzat horiek guztiak urrunekoak dira, iraganekoak, kontatutakoak direlako, ez bizitakoak.

Zenbatetan entzun dugun gure aurrekoen aldean zeinen ongi eta eroso bizitzea tokatu zaigun. Hori erraz esaten da, baina benetan posible izango ote da bizitza oso bat gerrarik gabe? Gurea hala izango zelakoan banengoen, ez dakit, ze, aizue, gauzak nahasita daude munduan, ezta? Han eta hemen, hor bertan, batzuk besteen kontra, batzuen abusua, besteen inpotentzia… iraultzak!!!

Gerra eta zapalketa hitz dardargarriei beti izan diedan beldur mingarri hori irudikatzean, filmetan bezalakoa ikusten nuen lehen, tankeak, soldaduak, tiroak, bonbak, bum, eta beti hilotzak lurrean, hilotz pila deseginda… eta zertarako segi. Aspaldi honetan ordea, zoritxarrez horiek baino askoz sinesgarriagoak diren irudiak ikusten ditugu egunero hedabideetan, irudi gordinak, benetakoak, apaingarririk gabe erakutsiak. Odola, erasoak eta odola, zapalketa eta odola. Eta kontuz gero, horiek gaurko kontuak dira-eta. Nork esan zuen gure garaian ez direla gertatzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.