«Egin diezaioketen aitortzarik handiena da»; halaxe dio Mikel Landa Gesaltza Añana Fundazioko kudeatzaileak Unescoren izendapena lortzeko aukerari erreparatuz. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek eta Arabako ahaldun nagusi Javier de Andresek iragarri zuten atzo, Mikel Landarekin batera Gesaltza Añanak 2014an jaso dezakeen izendapen entzutetsua. Munduko ondare izateko hautagai da Arabako gatz harana, eta izendapena jasoz gero, «munduko ondare interesgarrienen zerrendan» sartuko litzateke.
2010ean hasi ziren Unescoren izendapena lortzeko lehen pausoak ematen. «Hainbat urteko bidea» behar izaten dira hautagaitza lortzeko; baina Urgellen esanetan, «ezohiko azkartasunez» egin du bide hori Unescoren Ondare Historikoaren Kontseiluak. Hainbat mailatan hartu du aintzat kontseilu horrek Gesaltza Añana hautagai egiteko: balio inmaterialari, balio materialari, geologiari eta biologiari dagokienez; balio industriala ere kontuan hartu dute.
Gesaltza Añanak ez du oraindik munduko ondarearen izendapena, baina Arabako ahaldun nagusi Javier de Andresek «zalantza gutxi» ditu lorpenaren inguruan. Eremuak «balio etnografiko izugarria» dauka, haren ustez, «bizilagunek aparteko edertasuna duen monumentua eraiki baitute jakin gabe, milaka urtetako jardueraren bidez». Era berean, uste du garrantzitsua dela gatza «aurrerantzean ere merkaturatzea» .
Gesaltza Añana Unescoren munduko ondare izateko hautagai da
2014an jakinaraziko dute Arabako gatz haranak Unescoren izendapena lortzen duen edo ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu