«Geure burua aurki dezakegu artearen bidez»

Arte sorkuntza erabiltzen du Ciel Brooijmans arte terapeutak nork bere burua sakonago ezagutzen eta ondoezak tratatzen laguntzeko. Bi eguneko saioa eskaintzen ari da Iruñean.

Inigo Astiz
Iruñea
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
«Arte soilagatik egiten den artea polita da, bai, baina nik beti egin nahi izan dut lan jendearekin». Hala azaltzen du Ciel Brooijmansek (Tholen, Herbehereak, 1952) zerk bultzatu zuen arte terapia egitera. Antzerkia eta gizarte hezkuntza ikasi zituen Herbehereetan, eta arte terapia Herrialde Katalanetan. Euskal Herrian bizi da egun, eta bi eguneko arte terapiako saioa gidatzen dabil Iruñean; atzo hasi, eta gaur bukatu.

Zer da arte terapia?

Koadro bat egitean, baliteke katarsi moduko batera heltzea, baina hori baino gehiago da arte terapia. Barruan dugunaren bila hastea da helburua, hori inori erakutsi beharrik ez dugula pentsatuz. Arte terapiako saioetan egindako lan hori ez da inorentzat, norbere buruarentzat baizik. Horregatik, prozesua bera da garrantzitsua, eta ez emaitza. Lana bukatzean, hau da obrari buruz egin beharreko galdera: 'Zer esan nahi du lan honek nitaz?'. Ez zaigu interesatzen geure buruaz dakiguna azaltzea, geure buruaz ez dakiguna azalaraztea baizik. Terapeutaren gidaritzapean egiten da hau.

Eta zein da zure egitekoa?

Arte terapeutaren edo psikodramatista baten lana sukaldariarenaren parekoa da, neurri batean. Denbora erabiltzen jakitea da giltza. Materiala jarri, ariketak proposatu eta pazienteak edo taldeak ematen didanaren arabera jakin behar dut aurrera egiten. Denbora da horretan giltza, zerbait goizegi edo beranduegi esanez gero, ez du baliorik.

Gaitasun artistiko berezirik behar al da arte terapiako saioetarako?

Ez, inolaz ere ez. Batzuetan hobe izaten da, gainera, esperientzia artistikorik ez izatea. Niri, adibidez, hori gertatu zitzaidan. Antzerki mundutik nentorren, eta hori izan da arte terapiara eramatea gehien kostatu zaidana. Halakoetan gehiegi oinarritzen da bat teknikan, norbere sakonera heldu gabe. Ez du, beraz, batere inporta lehenagoko arte esperientziarik ez bada. Oso ongi funtzionatzen du talde bereziekin: buruko gaitzen bat dutenekin, droga mendekotasuna dutenekin, hiesa dutenekin... Bere burua sakonago ezagutu nahi duenarentzat ere izan daiteke baliagarri.

Zer eragin izan dezake arte terapiak jendearengan?

Euforia sentitzen dute askok hasieran, artearekin duten lehen harremana izaten delako askorentzat, eta beren burua aurkitzen dute. Arte terapia ez da hori, baina hori ere bada prozesuaren parte. Gaizki dagoenak bere ondoezarekin egin dezake lan, bere arazoa objektu moldakor bihurtuz, arte bihurtuz. Hitz eginez baino hobeki egin daiteke lan. Nire ondoeza inori azaltzerakoan, adibidez, neure buruaz dakidanetik abiatzen naiz, baina ondoez hori arte obra baten bidez azalduz gero, litekeena da neure burua ere harritzea. Arte obra batean, solasaldi saio baten bidez baino era sakonagoan aurkitzen dugu maiz geure burua. Oscar Wilde idazleak badu esaldi eder bat hori azaltzeko: 'Emaiozu maskara bat, eta egia esango dizu'.

Eta arte obra al da maskara hori arte terapian?

Maskara hori gabe kosta egingo zait neure buruari buruzko egia esatea, baina maskara horrekin ausartuko naiz. Libre senti naiteke gaiztoa, itsusia edo dena delakoa izateko; naizen dena izateko.

Arte diziplina askorekin egiten duzu lan zure terapia saioetan. Nola aukeratzen duzu zeinekin aritu?

Taldearen arabera aukeratzen dut bidea. Argazkia eta bideoa landu ohi ditut gazteekin, adibidez. Badago buztin unea deitzen dudan bat. Begiak itxita lantzen dugu buztina, iraganeko kontuekin gabiltzanean, esaterako. Oso iradokitzailea da buztinarekiko kontaktu fisikoa, eta usaina.

Pertsonarekin egiten da lan, baina taldean. Nola egiten da hori?

Taldean lan egitea asko gustatzen zait. Elkar laguntzen dute. Nahiko era indibidualean egiten dut lan nik, baina taldearen testuinguruan. Taldean besteen begirada ere sartzen da jokoan, eta interesgarria da hori. Batzuetan albokoak egindako lana norberarena balitz bezala azaltzen jartzen dut jendea, eta horrek bultzatu egiten ditu bestearen larruan jartzera. Azalpenak ematen dira, baina ez da balorazio estetikorik egiten, hori oztopo izan baitaiteke.

Eta zertaz hitz egiten duzue saioetan?

Oso hitz gutxi egiten da tailerretan. Artearen bidez hitz egiten da. Ez da egiten aurkezpen handirik, zuzenean jotzen dugu hizkuntza artistikora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.