Bitarlan informatika eta Web Zerbitzuak
Irudiak aldatzeko, GIMP, Photoshop eta halako aplikazioak oso erakargarriak dira erabiltzaile askorentzat, baina aplikazio horien zailtasuna izaten da erabiltzen hasteko muga askotan. Aplikazio horiek baliabide asko dituzte, eta aniztasunak, askotan, zailtasuna ere ekartzen du berekin. Zenbat eta aukera gehiago egon aplikazio batean, erabiltzeko zailagoa izaten da. Bada, GIMPen kasuan, oztopo horiek gainditzeko xedearekin, Adaptable GIMP aplikazioa sortu zuten.
Jakina den bezala, GIMP irudiak aldatzeko aplikazio librea eta doakoa da, eta Mac Os X, Ubuntu edo GNU/Linux eta MS Windows sistemetan instalatu eta erabili ahal da. Adaptable GIMP aplikazioa GIMPen oinarrituta dago, eta, beraz, azken hori ere librea eta doakoa da. Adaptable GIMP MS Windows sistemetan zein GNU/Linux sistemetan instalatu eta erabil daiteke. Proiektuaren webgunetik har daitezke bertsio guztiak eta iturburu kodea: http://www.adaptablegimp.org. Bertan, gainera, proiektuari buruzko hainbat informazio aurki daiteke. Aplikazioari buruzko blog bat ere sortu dute. Hona hemen helbidea: http://adaptablegimp.blogspot.com/.
GIMP eta Adaptable GIMP
Adaptable GIMPen aplikazioaren instalazioak ez du eraginik izango ohiko GIMP aplikazioan, hau da, Adaptable GIMP eta GIMP, aplikazio biak batera instalatuta egon daitezke sisteman; eta, halaber, Adaptable GIMP desinstalatuz gero, ez du eraginik izango ohiko GIMPen.
Adaptable GIMP abiaraztean, wikiaren kontua eskatzen du, baina esan ahal zaio konturik gabe jarraitzeko. Ez da beharrezkoa aplikazioa erabiltzeko.
Adaptable GIMP ohiko GIMP bezalakoa da itxura eta erabilera aldetik. Aldatzen den bakarra tresna kutxa da. Hain zuzen ere, hori da Adaptable GIMPek daukan berezitasuna GIMPekin alderatuta. Tresna barra eraldatuta dago, erabiltzaileak egin nahi duen lana errazteko eta lana egiten laguntzeko.
'Task set'-ak
Tresna kutxan, task set deritzonak aukeratu ahal dira, task set horiek ataza multzoak dira. Edo, hobeto esanda, ataza edo lan bat egiteko jarraipenak dira, urratsez urrats. Hala, tresna kutxan, erabiltzaileak aukeratzen du zein lan egin nahi duen, eta behean, bakarrik lan hori egiteko baliabideak agertzen dira. Gainera, baliabide bakoitzaren ondoan ikono urdin bat dago, baliabide edo ataza hori nola edo zertarako den azaltzen duena bertan klik eginez gero. Era berean, aukeratutako ataza multzo edo lanari buruzko informazioa behar izanez gero, lanaren ondoan ikono berdintsu bat dago, nahi den informazio hori ikusteko.
Lanak ataza multzotan sailkatzeko aukera horrek ez du esan nahi ezin direla ikusi ohiko tresnak. Hori egiteko, task-set aukeran Default hautatzea nahikoa da ohiko baliabide guztiak agertzeko.
Task set horiek guztiak programaren wikitik aterata daude, eta haietariko asko erabiltzaileek beraiek sortzen dituzte. Batzuk aplikazioan lehenetsita datoz, baina beste batzuk gehitu ahal dira, Gehitu Task Set aukeraren bitartez. Ondoren, bilatzaile bat agertuko da erabiltzaileak egin nahi duenaren task set-a bilatzeko. Edozein erabiltzailek sortu ahal ditu norberaren task set-ak, eta automatikoki wikira igoko dira, besteekin batera. Horretarako, beharrezkoa da aplikazioa abiaraztean eskatzen den wikirako sarbidea. Wikian ere araka daitezke dagoeneko eskuragarri dauden task set-ak. Horretarako, helbide honetara joan behar da: http://adaptablegimp.org/w/Browse_Tasksets.
Aplikazio honen alde txar bakarra da ingelesez baino ez dagoela.
Zibergela
GIMP erabiltzen hasteko eta ikasteko aplikazioa
Irudiak aldatzeko aplikazioak korapilatsu samarrak izaten dira, ematen duten aukera aniztasunarengatik; Adaptable GIMP, berriz, erabiltzaileari lanak errazteko pentsatuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu