Uhinetatik tiraka. Xabier Lasa

Gipuzkoarkeriatan

2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Betiko leloekin.Bizkaiko kolegen aurka berriketa benetan xaxatzailea eduki zuten ostegunean Iñaki Mujika Onda Vascako kirol kazetarien buruak eta Iñaki Sagastume Gipuzkoako kirol kazetarien elkarteko idazkariak La movida deportiva-n. Bizilagunekiko lehia historiko txoroa hauspotu zuten, Gipuzkoako kirol kazetari askotxoren kaskezurrean dirauen mentalitatea erretratatzeko moduan. Urteko Gipuzkoako kirol gala zuten hizpide, eta eurena goraipatzeko, errepaso polita eman zioten Bizkaiko galari, Del Bosque saritzekoa duela eta. Antza denez, Gipuzkoak kirolari bikainak ditu eta ez dauka zertan kanpora joan beharrik gala famatzeko, Bizkaikoek egin behar izan duten bezala. Onda Vascak Herri Irratia irentsi zuenetik halako purrustada txolinak amaitu zirela zirudien, antenan behintzat. Kontua da autozentsura saioak elkarrekin egin behar dituztenean ezarri dela; deskonexioetan betiko lelo probintzianoak hasten dira mihietan dantzan, kirol sailean batik bat.

Koherentzia.Espainia erreferentziatzat erabili izana leporatu diete bizkaitarrei orain. Gipuzkoako kirolari ezezagun ugari saritu dituzten egun berezian izan da hori, badaezpada. Ikustekoa baita kazetari gipuzkoar horietako askok zenbat espazio eskaintzen dien euren komunikabideetan Espainiako hainbat selekzio edo kirolariren garaipenei, bertako kirolariei ez bezalako arretaz eta grinaz. Bizkaitarrak koherenteagoak izan dira Del Bosque saritzean, azken batean.

Genetan.Gipuzkoarkeri sena genetan eraman behar dela dirudi Gipuzkoan kirol kazetari edo tertuliano popularra izateko. Entzun besterik ez dago Realari buruzko astelehenetako tertuliak, 15:00etan Onda Vasca, Onda Cero eta Punto Radion, eta 19:20an COPEn. Genetako anomalia hori kenduta, gero denetik aurki daiteke horien artean, onak eta erdipurdikoak, gainerako ogibideetan bezalatsu.

Iñaki Sagastume.Gipuzkoako kirol kazetaririk beteranoena izango da. La Voz de España-n urtetan lan egin eta gero, Jose Maria Garciarekin jardun zuen Antena 3 Radion 12 urtez. Onda Vascarekin kolaboratzen du egun 73 urteko donostiar honek. Espainiako kazetarien elkarteak Manuel Ricol saria eman berri dio, instituzio bat izan delakoan bi gurpilen inguruko kazetaritzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.