Juan Martin Perez Garcia. Hezitzailea eta irakaslea

«Giza eskubideen diskurtsoa politikoki zuzena den garai historikoan gaude»

Baztertze soziala landuko du irakasleak, heziketa mugarri hartuta: «Giza eskubideak diren esparru bateratutik abiatuta, baztertze soziala sufritzen dutenen egoera modu iraunkorrean hobetuko dugu».

BERRIA.
Donostia
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Psikologoa eta hezitzailea da Juan Martin Perez Garcia (Mexiko Hiria, 1969). Horrez gain, Mexikoko Haurtzaroko Sarearen zuzendari eragilea da eta El Caracol GKEren sortzailea.

Gaur hitzaldia emango du, 19:00etan, Donostiako Nazaret Zentroan, Heziketa jardueran eskubide ikuspegiaren inguruan: ikuspegiak eta tresnak.

Zer lortu nahi duzue gaurkoa bezalako hitzaldiekin?

Kalean lan egiten dugun nazioarteko sare bateko kide naiz, non 48 herrialdetako hezitzaileak gauden. Gure arteko harremana sustatu eta elkarri aberasgarri izateaz gain, gizarteetako egoera globalaz hausnartzeko balio digu. Baztertze soziala errealitate bat da, Europan krisi ekonomikoagatik areagotu egingo den fenomenoa.

Hitzaldi hauek aukera bat dira Latinoamerika eta Europako harremana eta eztabaida sustatzeko; asko dugu partekatzeko, giza eskubideei buruz hitz egiteko. Baztertze soziala pairatzen dutenekin egiten dugun lana hainbat ikuspuntutatik jorratzen dugu. Baztertze soziala pairatzen duenak ohartu behar du eskubideak dituen herritarra dela eta entitate publikoek ardura batzuk dituztela. Ardurak bete egin behar dira, eta bizitza hobe bat bermatu behar zaie. Hezitzaileok eta erakundeek egunero egiten dugun lana da.

Hezitzailea zaren aldetik, egun indarrean dauden ereduak egokiak iruditzen al zaizkizu?

Egia esan, hausnarketa bat egin beharrean gaude. Egungo prozesuak laguntzazkoak izan ohi dira. Baztertze egoeran dagoena ez da eskubideak dituen gizabanakotzat hartzen; zerbitzu batzuk eskaintzen zaizkie eta kito. Horrek denbora jakin bateko beharrak betetzea dakar, baina ez besterik, ez baitu bermatzen egoera aldatuko denik. Eskubideen alde egiten dugu guk; ez da saltzen dugun gauza bat, bete nahi duguna baizik. Eskubideak ez dira une baterako, atenporalak dira.

Hezkuntzan, neurri unibertsalak aplikatu beharko lirateke, ala lurralde bakoitzari egokitutakoak?

Funtsezko eskubide batzuk ditugu, giza eskubideak direnak. Hortik hasi behar dugu gainontzekoa eraikitzen. Estatuek eskubide horiek berretsi dituzte, eta behartuta daude betetzera. Oinarri hori edukita, ñabardurak egon daitezke, lekuan lekuko kulturak bultzatuta. Mexikon bertako biztanleekin lotutako ñabardurak egongo dira, baita Euskal Herrian, Katalunian eta Madrilen ere. Hezitzaileen nazioarteko sarean parte hartzen dugun kideok batzar bat eduki genuen duela bi urte, non 800 hezitzailetatik gora egon ginen, eta 33 iradokizun atera genituen baztertze soziala gainditzeko. Praktikotasunaren bidean jorratu genituen, diskurtso hutsean gelditu ez zedin. Hala ere, askoz gehiago aurreratu behar dugu, Europan eta bereziki mundu osoan. Erronka handia da, baina giza eskubideak diren esparru bateratutik abiatuta, baztertze soziala sufritzen dutenen egoera modu iraunkorrean hobetzea lortuko dugu.

Eskubideaz ari gara etengabe, baina nola eraiki beharko lirateke?

Giza eskubideen diskurtsoa politikoki zuzena den garai historikoan gaude. Gainera, politikari eta erakunde guztiek erabiltzen dute. Horregatik, nahiago dugu eskubideen ikuspegiei buruz hitz egin. Horrek gure praktika sozialak, erakundeak eta legeak berrikustea dakar. Askotan diskriminatzaileak dira, eta, bestetan, ez dute bermatzen eskubide guztiak betetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.