Roger Ballen. Artista

«Gizaki eta animalien arteko harremana ez dela positiboa ikusten da nire argazkietan»

Hegoafrikan bizi da aspaldi New Yorkeko argazkilaria, eta 50 urte daramatza haurtzaroa, inkontzientea eta giza izaera lantzen. Ballenen mundu ilunak eragin handia izan du hango gazteen artean.

ROGER BALLEN.
Edu Lartzanguren.
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Roger Ballen (New York, 1950), batez ere, argazkilaria da. Photo Poche etxeak haren argazki bildumak argitaratu ditu, eta haren lanak Parisko Pompidou zentroko, New Yorkeko MoMA museoko eta Londresko Tate Britaineko bilduma iraunkorretan dituzte. Playpen instalazioa dauka jarrita Getxon (Bizkaia), Algortako Amezti galerian, Getxophoto 2012 jaialdian.

Playpen instalazio bat da, baina zer lotura du zure argazkigintzarekin?

Dagoeneko, 50 urte inguru daramatzat argazkiak egiten, eta nire ibilbidearen hainbat garaitan harturiko irudiak erabiltzen ditut horretan; esaterako, Shadow Chamber eta Boarding House argazki bildumetakoak. Azken hori Johanesburgoko [Hegoafrika] apopilo etxe handi bat da. Lan egin nuen han, 2004tik 2008ra arte. Urre meatzarien bizitokia izan zen garai batean, baina gero eskuaterrek hartu zuten. Han aritu nintzen lau urtez, jendea, umeak eta animaliak erretratatzen, haiekin lan egiten. Shadow Chamber ere meatzarien etxe batean egin nuen, 2000tik 2004ra. Urteak pasa ahala, marrazki gehiago zeuden paretetan, eta lana korapilatsuagoa bihurtu zen, instalaziotik gertuagokoa. Baina ez dira inolaz ere argazki dokumentalak; gehiago dira psikologikoak, ezer baino gehiago.

Argazkilari profesional izan aurretik, meatzaritzan aritu zinen, eta aurretik, psikologian. Hiruretan lan bera egiten da? Hau da, sakonetara jaitsi, handik zerbait azalera ekartzeko?

Bai. Niretzat bidaia psikologikoa izan da, giza izaeraz gehiago jakiteko, eta neure buruaz. Nirea inoiz ez da izan gizarte, politika edo ekonomia arazoez hausnartzeko bidaia.

Psikologia aldetik meategi aberatsa delako interesatzen zaizu haurtzaroa?

Hasieran, duela 30-40 urte, neure haurtzaroa aurkitzea zen asmoa. Umezaroa 6-11 urte artean bizi dugu, oso azkar joaten da, eta jende askok nostalgia sentitzen du hura gogoratzean. Azken hogei urteotan, ordea, haurrak erretratatu ditudanean ez da neure ahaztutako haurtzaroa aurkitzeko, baizik eta giza izaeraz nire estetikaren bidez adierazteko. Gaur ezinezkoa zait biak bereiztea.

Hegoafrikan lur aberatsa topatuko zenuen giza izaeraz aritzeko.

Ehiza eremu basatia topatu nuen hemen. Ez dakit zer aurkituko nuen beste nonbait; agian, ezer ez; agian, sekulakoa. Asko bultzatu nau hemen eraginik ez egoteak, erakusketarik edo aldizkaririk. Bestelakoa litzateke Londresen, Parisen edo New Yorken. Baina horri esker, lortu dut ia eraginik gabe garatzea eta gauza harrigarri samarra egitea.

Hegoafrikako zuri txiroen azpikultura goraipatzen du Die Antwoord musika taldeak, eta haien azken bideoa zeuk zuzendu duzu. Nolatan?

Nire marrazkiak erabili zituzten Enter the Ninja bideoklipean. Haien inspirazio iturri nagusia izan naiz; neu gabe ez zirela izango esan izan didate. Adiskideak izan gara azken zortzi urteotan, eta I fink u freeky bideoa zuzentzeko eskatu zidaten. Oso sortzaileak dira, eta elkarren estetika oso ondo ulertzen dugu, haiek gazteak eta rockzaleak badira ere.

Gizakien eta animalien arteko harremanari buruzko obsesioa partekatzen duzue.

Animaliek metafora interesgarri asko sortzen dituzte. Gizakien eta animalien arteko harremanak erakutsita, planetan gertatzen ari dena azaltzen duzu. Horren bidez, gauza garrantzitsuak adieraz ditzaket. Bitxia bada ere, eguna amaitzen denean, konturatzen naiz animaliekin eginiko argazki horiek bai ikus daitezkeela modu politiko batean, eta espero dut eraginen bat izatea. Gizaki eta animalien arteko harremanaren gaia oso garrantzitsua da gaur munduan, eta nire argazkietan ikusten da ez dela oso harreman positiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.