Javier Merino. Aktorea

«Gizenok barregarriak garela dioen klixea apurtu nahi dut bakarrizketa honen bidez»

Pertsona lodien eguneroko zailtasunei bakarrizketa itxura eman die Javier Merino aktoreak. Markina-Xemeinen antzeztuko du 'Diálogos con mi barriga', Uhagon kulturgunean.

BERRIA.
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Eguneroko arazoei alde ona topatzearen aldekoa da Javier Merino aktorea (Donostia, 1967). Filosofia horren adierazgarri, Diálogos con mi barriga bakarrizketa sortu du, obesitatea duen pertsona baten egunerokoa ikuspegi komiko batez aztertzeko.

Sabel, tripa, upel, zorro... Sinonimoen zerrenda amaigabea da, ezta?

Ez dut uste tripa hitzak bezainbeste sinonimo duen termino dagoenik. Beste hizkuntzetan nola esaten duten ikusi dut, eta toki askotan iraintzeko erabiltzen dute!

Upelak ikuspegi negatibo hori izan ohi du askotan. Iritzi horri buelta eman nahi izan diozu Diálogos con mi barriga bakarrizketan?

Loditasunak eragiten dituen arazoen alde komikoa topatzea da nire helburua. Baina, upela goraipatu ordez, gizartean dauden uste batzuk arbuiatu nahi ditut.

Zeintzuk, adibidez?

Egungo kanonek loditasuna drama bat dela diote, eta ez du zergatik horrela izan beti. Egoera larriak daude, egia da, baina arazoak alde ona ere izan dezake. Dena den, obran ez dutsakonduko egoera larrietan, denak baitu muga bat.

Hortaz, gizen barregarriaren klixea apurtu nahi izan duzu?

Guztiz. Pertsonak dira barregarriak, ez arroparen neurriak. Ni komikoa naiz, eta komedia egiten dut. Baina gizenak argalak bezainbeste haserretu gaitezke!

Gizarteari kosta egiten zaio halako ikuspegia izatea?

Batzuetan. Behin, loditasunaren inguruko telebista saio batean agertzeko deitu zidaten, nire eguneroko bizitza zelakoa den kontatzeko. Badirudi ez dakitela gehiegizko pisua dugun gehienok bizimodu normala egin dezakegula.

Halako obrak loditasunari baikortasunez aurre egiteko ereduak dira?

Ez dakit. Gizen egongo ez banintz, ezingo nuke gaur gaueko bakarrizketa egin, kar-kar. Egia da loditasun kasu asko daudela, eta egoera batzuk oso larriak direla, baina arazoari normaltasunez egin behar zaio aurre.

Hori al da obraren mezu nagusia?

Zaila zait galdera horri erantzutea. Nork bere buruaz barre egiten erakutsi nahiko nieke, eta, horrez gain, konturatu beharko genuke munduko egoerarik txarrenak bere alde dibertigarria duela.

Halako filosofia duen aktore bat zara?

Hala behar du. Behin, hegazkin batean tokiz aldatu ninduten, segurtasun atearen ondoan nengoelako eta larrialdi bat gertatuz gero jendea oztopatuko nukeelako. Momentu txarra izan zen arren, barrez erantzun nion. Irribarre batek edozein egoera txar goza dezake, zalantzarik gabe.

Diozun guztiagatik, Diálogoscon mi barriga autobiografikoa dela dirudi...

Bai. Kontatzen ditudan istorio asko erabat errealak dira, eta neronek bizi izan ditut. Beste batzuk, ordea, handietsi egingo ditut. Dena den, obra aldatuz joan da urteak igaro ahala: hasieran, dietaren inguruko bakarrizketa motz bat zen, eta apurka gauzak gehitu dizkiogu.

Zein esan ohi dizute ikusleek?

Erantzuna ona izan ohi da, eta giro lagunkoia izan ohi dugu emanaldi bakoitzean. Gainera, ikusleen artean gizen dagoen baten bat badago, barre berezia sumatzen diozu berehala. Asko gozatu dut obra honi esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.