Hasi du Iruñerako bisita Mikel goiaingeruaren irudiak. Aralarko santutegitik atera zen pazko igandean, eta Iruñean da jada goiaingerua. Ohi bezala, ehunka lagun zituen zain atzo arratsaldean Iruñean. Astebete egingo du Nafarroako hiriburuan, eta laurogei leku bisitatu beharko ditu.
Taconerako atarian egin zioten ongietorria iruindarrek, eta San Nikolas parrokiaraino joan zen segizioa. Aste osoan, eskolak, parrokiak, instituzioak eta bestelako tokiak bisitatuko ditu goiaingeruaren irudiak. Eta, igandean, San Lorentzoko eukaristiaren ondoren, soroak bedeinkatuko dituzte Antoniutti parkean, handik San Jose hilerrira joango dira. Hilerria zeharkatu ondoren, Miluze zubian -Argaren gainean- agurtuko dute.
Gaur, Iruñeko udaletxea bisitatuko du Aralarko goiaingeruak, arratsaldeko bost eta erdietan; Yolanda Barcina alkateak eta udalbatzako beste hainbat kidek egingo diote ongietorria. Ondoren, meza emango dute. Urtero bezala, udaletxeko harrera aretoa kapera bihurtuko da, Aralarko Mikel goiaingeruaren etorrera ospatzeko. Udaletxeko kaperan urtean egiten den ekitaldi liturgiko bakarra da. Udaletxeko leku berezienetakoa da kapera, baina urteko gainontzeko egunetan errezelen atzean ezkutatuta egoten da. San Fermin eta San Saturdiren erlikiak jasotzen ditu aldareak, eta atzeko horman XVI. mendeko zilarrezko gurutze bat dago; haren ondoan, hiru erlikia ontzi, San Ferminena, Frantzisko Xabierkoa, eta Jurgi eta Severo santuena.
Bisita, 280 herri ingurura
Mikel goiaingeruaren irudia Aralarko santutegian agurtu zutenean Miguel Larrambebere kapilauak esan zuen moduan, «aspalditik» errepikatzen den ohitura da irteera, urtero Aste Santuko pazko igandean. Agur, Miguel Aingeruse kantua abestuz agurtu zuten bertan bildutakoek, eta Mikel goiaingeruak, menditik barrena, Nafarroako 280 ingurura egingo duen bisita hasi zuen. Bi orduan iritsi zen Mariano Zubiria Lekunberriko bizilaguna, irudia eskuan, Baraibarrera. Astelehenean Larraun eta Araitz ibarretan izan zen, eta larunbaterako Uharte Arakilen zegoen. Ekainera arte ez da irudia Aralarko santutegira itzuliko. Irteera gehiago ere egiten ditu irudiak urtean zehar, baina udaberrian egiten dena da guztietan luzeena.
Beste bisita horietako batean, Nafarroako herriak bisitatzeaz gain, Mikel goiaingeruaren irudiak ere badu Gipuzkoara bisita egiteko urteroko bere hitzordua. Abuztuko bigarren igandean Igaratza mendiko ermitara eramaten dute, Enirio-Aralarko mankomunitatera, eta bertara Goierriko eta Tolosaldeko erromesak biltzen dira babes eske, segizioa Guardetxen hasiz. Tradizioz, urte osoan irudia Nafarroatik ateratzen den aldi bakarra da, eta Gipuzkoa hego-ekialdean antzina tradizio handia zuen erromeria egiten da; iluntzean itzultzen da irudia Nafarroara. Mikel goiaingeruari hainbat ahalmen ematen dizkio tradizioak, eta horien artean bat da nagusia: pertsona, etxe, animalia eta lurrak zaintzea, eta horrekin batera ugalkortasunarena ere bai.
Goiaingeruaren txangoa
Iruñera iritsi da Aralarko Mikel goiaingeruaren irudia. Astebete egingo du Nafarroako hiriburuan, eta laurogei leku baino gehiago bisitatuko ditu igandera bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu