Elena Errumaniako neska bat da. Ijitoen erkidego bateko kide izanik, aspaldian atzerriratutako amagandik urrun bizi zen Errumanian. Duela hilabete batzuk haurdun geratu zen, eta umea jaiotzeko aste gutxi falta zirenean, mutil-lagunarekin harremana hautsi eta Espainiara joatea erabaki zuen, zetorkionari aurre egin ahal izateko amaren alboan hobe moldatuko zelakoan, agian. Horraino guztia normal. Ezta?
Ba ez, ez da inondik normala, izan ere, xehetasun txiki bat utzi baitut airean: Elenak hamar urte ditu. Bai, ondo entzun duzue, ez hogei eta ez hogeita hamar, hamar uda besterik ez, ai ama. Mutil-lagun ohiak, berriz, ume jaioberriaren aitak, hamahiru omen ditu. Ez dakit nik oraindik ilerik izango duen barrabiletan. Tira, gaixook zer dira, inuzenteak, tuntunak, ignoranteak edo besterik gabe kultura ezberdin baten biktimak?
Elenaren etxekoentzat, berriz, ez da gertakizun bitxia, hamabi urtetik aurrera ezkontzea eta umeak edukitzea arrunta omen baita haien kulturan. «Ez da inolako drama guretzat», aipatu du Elenaren amak, munduko amona gazteenetakoa bihurtu berri denean. Alaba eta iloba osasuntsu daudelako pozik dago, eta ez du ulertzen -hala dio behintzat- hedabideek, zerbitzu sozialek eta, oro har, gizarteak eman dioten garrantzia.
Bale, kulturala izango da, baina ze etorkizun izango du Elenak? Bizitzaz deus ulertu gabe, ume izatetik kolpez ama izatera... eta eskola, ikasketak, lagunak? Orain aitatxo eta amatxo-etara jolasteko ez du panpinarik beharko, harena panpina baino gehiago egunetik egunera halabeharrez handituz joango den benetako umea izango da-eta. Ederra panorama.
Goiztiarregia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu