Behin Angel Erro poeta eta batelariari irakurri nion poesia idaztea nork bere izena Google-n sartzea bezain ekintza humanoa dela. Gustatu zitzaidan esaldia. Batik bat, nik egiten dudan eta oso jende gutxik -lotsak geldiarazita edo- publikoki aitortzen duen zerbait aipatzen duelako.
Ez, ez naiz poesia idazteaz ari.
Nork bere izena Google-n sartzeaz ari naiz.
Masturbazioa ekarri dit burura Erroren esaldiak, eta, ez, oraingoan ere ez naiz poesiaz ari. Gazteei arraroa irudituko bazaie ere, nerabe nintzenean ez zen oso ohikoa masturbazioari buruz hitz egitea. Ez dut esango tabua zenik, baina bai ez ginela oso eroso gai horretaz hitz egiten. Antza, masturbazioa nork bere burua -sexualitatea- ezagutzeko modua zelako kontu hura gazteegi harrapatu gintuen.
Zorionez, gauzak zeharo aldatu dira eta masturbazioa oso gai arrunta da, hain arrunta non, tokirik banu, behinola Pasaiako ikastola batean gertatutako kanpai jotze kolektibo sonatu baten berri emango bainizueke.
Tamalez, lekurik gabe geratzen ari naiz, eta Google-n nork bere izena sartzearen hariari egin nahi nioke tira. Aitor dut: noizean behin nire izena sartzen dut Google-n. Humanoa ez ezik oso ekintza osasungarria ere bada, eta ez genioke aitortzeari zertan beldurrik izan. Gauza naturala da, eta oso baliogarria nork bere burua ezagutzeko. Nik neuk, esaterako, nire izena bilatzen dut zer pentsatzen dudan jakiteko.
Eta ez pentsa, batzuetan sekulako ezusteak hartzen ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu