Udalaren debekuari muzin eginez, Gora Iruñea! plataformak aurrera jarraituko du sanferminetarako prestatu dituen ekitaldiekin. Udal agintarien debekua salatzeko herri txistualdira deitu du Udaletxe plazan, bihar, 22:00etan. «Zentzugabea» deritzo udalaren jokabideari.
Joan den urtean bezala, Iruñeko Udalak debekatu egin ditu aurten ere Gora Iruñea! plataformak sanferminetarako prestatutako egitarauko ekitaldi gehienak. Plataformari onartu dion ekitaldi bakarra etzidamu, uztailak 9, San Jose plazan antolatu duen bazkaria izan da. San Frantzisko eta Santa Ana plazetan antolatuak zituen hamaika ekitaldi, berriz, galarazi egin dituzte hiriko agintariek.
Plataformak ez duela ekitaldiak antolatzeko lehiaketan parte hartu argudiatu du udalak egitaraua debekatzeko. Era berean, udalak sanferminak antolatzeko egiten duen mahaian ere ez daudela esan ei die. Dena dela, hori ez da egia, plataformako partaide den Peñen Federazioa mahai horretan dagoelako.
Gora Iruñea! plataformak gogorarazi du sanferminak guztionak direla. Festa lehertzeko atarian, herritar orok sanferminetan gozatzeko duen eskubidea aldarrikatu du Gora Iruñea! plataformak. Beraz, taldea ez da debekuaren aurrean kikilduko, eta esan du prestatu dituen ekitaldiak egin eginen dituela. Udalak hilaren 8an, 9an, 10ean, 11n, 12an eta 13an San Frantzisko plazan antolatutako ekitaldiak etahilaren 12an Santa Ana plazan antolatutakoak galarazi egin dizkio.
Erraldoien eta buruhandien saioak, dantzaldiak, puzgarriak, Txan magoaren ikuskizuna, rock kontzertuak eta mus txapelketak dira egitekoak San Frantzisko eta Santa Ana plazetan. «Erraldoien saioak, dantzaldiak eta puzgarriak debekatu dizkigute. Gisa honetako ekitaldiak galarazita, udalaren jarrera burugabea da», salatu zuen Maitagarri Etxarri Gora Iruñea! plataformako kideak, San Frantzisko plazan atzo egindako agerraldian. Plataformako beste kide batzuekin batera pailazoek daramaten sudur gorri batekin egin zuen agerraldia.
«Ahaleginak eta bi» eginen ditu Gora Iruñeak sanferminetarako prestatutako egitaraua betetzen. «Iruñeko bizilagunak gara, eta gure festak nahierara antolatzeko eskubidea dugu. Festak guztionak eta guztiontzat dira, eta udalak ez ditu beretzat hartu behar sanferminak». Antolatu dituzten ekitaldi guztiak irekiak direla aldarrikatu du plataformak. Hortaz, debekua ezarri dien Enrike Maia alkate aukeratu berria eta UPNko gainontzeko zinegotziak ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu.
Oposizioaren kritikak
Bilduk herenegun egin zuen moduan, atzo Nafarroa Baik eta PSNk ere kritikatu zuten Iruñeko Udalaren jokabidea. Nafarroa Bai koalizioak debekua «ahalik eta azkarren» kentzeko eskatu dio alkateari. «Beste hiri batzuek kultura herrikoi eta ireki baten aldeko apustua egiten dute, baina UPNk gehiegizko kontrola eta zentsura proposatzen du». PSNk, berriz, plataformarenekitaldiak egin daitezen, Iruñeko peñekin akordio bat egiteko eskatu dio alkateari. «Elkarrizketa, akordioa eta parte hartzea aldarrikatu ditu alkateak. Beraz, eta egitaraua egin dadin, peñekin akordio bat egin beharko luke», adierazi du prentsa ohar batean.
Pailazoen sudur gorria
Gogoratu behar da Iruñeko peñak Gora Iruñea! plataformako partaide direla eta Iruñeko Udalak antolatzen duen sanferminetako mahaian ere parte hartzen dutela.
Udalaren debekua dela-eta, ez daude isilik gelditzeko prest, eta bihar, San Fermin egunean, elkarretaratze zaratatsura deitu du Gora Iruñea! plataformak Udaletxe plazan. Elkarretaratzea 22:00etan izanen da. Protestara txilibitu batekin eta pailazoek eramaten dituzten sudur gorri batekin joateko esan dute.
Kontzentrazioaren aurretik, eta gaur ere, pailazoen sudur gorriak banatuko dituzte herritarren artean plataformako kideek. «Sudur gorriarekin udalaren jokabide inozoa eta zentzugabea salatu nahi dugu. Udalak ikusi behar du barregarri gelditzen ari dela».
Gora Iruñeak aurrera segituko du prestatutako egitarauarekin
San Frantzisko eta Santa Ana plazetako egitarauei eutsi egingo die plataformak, Iruñeko Udalak ekitaldiak galarazi arrenDebekua salatzeko herri txistualdira deitu du Udaletxe plazan, bihar, 22:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu