Ziburu eta Errenteria lotu zituen Comete sareak, II. Mundu Gerran, Bidasoa ibaia zeharkatuz. Frantzia, Belgika eta Herbehere okupatuetan eroritako pilotu aliatu asko salbatu zituen sareak, nazien menpe zeuden lurraldeetan galdutako haiek Euskal Herrira ekarriz. Ordukoa gogoan, bi herriok lotuko dituzte ibilian asteburuan, eta Errenteriako Urdaburu elkarteak hara joateko txangoa prestatu du.
Bi etapatan banatu dute irteera. Larunbatean, Errenteriatik Ziburura joango dira, autobusez, 08:15ean, eta Zokoa-Ziburuko hilerrian elkartuko dira parte hartzaile guztiak, Kattalin Agirre eta Florentino Goikoetxearen hilobietan lore eskaintza egiteko. Gosaldu, eta 10:30ean txangoari ekingo diote. Urruñako hildakoen monumentuaren aurrean geldialdia egingo dute eguerdian, eta Bidegain-Berri baserritik Kalbarioko tontorrera joko dute. San Migeletik Bidasoa gurutzatu eta sardina jatea egingo dute arratsaldean.
Igandean, berriz, Bidasoatik irten eta Oiartzungo Sarobe baserri aldera abiatuko dira mendiz ibiltariak, 08:00etan; hara iristen ziren Bidasoa gurutzatzen zuten pilotuak. Sarobe baserritik Mateo jatetxera joango dira bazkaltzera. Bi egunetarako edo bakarrerako eman daiteke izena, eta, horretarako, 943-52 78 79 telefono zenbakira deitu behar da, edo Urdaburu elkartearen egoitzara jo; gaur eta ostegunean irekiko dute, 20:00etatik 22:00etara.
Gerizpean. Uda-pasa
Gorazarre Comete sareari
Ziburutik Errenteriara ibilaldia egingo dute asteburuan, Comete II. Mundu Gerrako iheslarien sarea gogoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu